2023ko Bertso Eguna Azpeitin (argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertso Eguneko sarrerak salgai daude jada

Bazkarirako eta jaialdirako, bietarako balio duten sarrerak 35 euroren truke eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkarteak joan den azaroan aurreratu zuen bezala, urtarrilaren 27an Gernika-Lumon izango da Bertso Eguna eta Bertsozale bera eta Lilibertso bertso-eskola egun osoko egitaraua ari dira prestatzen elkarlanean. “Bertsozaleek 10:30ean izango dute lehen hitzordua Muxikan, Ariatzan. Bertakoa da “Garriko bertso-eskola, aitzindarietako bat bertsotarako elkargune izateari dagokionez”, azaldu dute antolatzaileek.

Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean elkartuko dira zaleak eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak ariko dira tabernaz taberna ibilbidea osatuz.

15:00etan bazkaria eskainiko da Astran eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza igoko dira oholtzara kantatzera.

Bazkarirako eta jaialdirako, bietarako balio duten sarrerak 35 euroren truke eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian. Ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, eta egitaraua biribiltzeko lanetan ari dira.

Bertsolari Egunetik Bertso Egunera

1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria. Hasiera batean, Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura. 1995ean omenaldi kutsua alde batera utzi eta bestelako itxura hartu zuen egunak; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen.

Donostian egin zen urte luzez, eta 2017ko etenaren ondotik eta 2018tik aurrera, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da egun, Bertsozale Elkartearen oinarrizko helburuekin bat eginez: herrialde osoan eragitea. “Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan genituen, eta aurten egun osoko plana antolatzeari ekin genion berriro ere”, adierazi dute elkarteko kideek.

Zabaldu: