Belaunaldi desberdinetako bi bertsolari elkartzen ditu saio bakoitzean, egoiliarrekin bertsoak, kantuak eta istorioak partekatzeko. Gipuzkoako azken bi saioak azaroaren 25ean izango dira, Arrasaten eta Donostian.
Adinekoen egoitzetan bertsolaritzari lekua egiten jarraitzen du Adin-Adin egitasmoak. Duela 14 urte abiatu zen programa, eta belaunaldi desberdinetako bi bertsolarik parte hartzen dute saio bakoitzean, librean kantuan. Bertsoez gain, egoiliarren intereseko istorioek, kantu herrikoiek eta zuzeneko hartu-emanek ere badute lekua.
Egitasmoaren helburua adineko pertsonen gogoa eta gaitasun kognitiboak piztea da. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, egoitzetako ordezkariek urte hauetan izandako esperientziaren balorazio positiboa egin dute. Haien esanetan, bertsoek eta kantuek memoria lantzeko aukera ematen diete egoiliarrei, eta saioek harrera beroa izaten dute.
Parte-hartzea sustatzeko, aldez aurretik prestatzen dituzte saioak egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileek, bertan bizi diren pertsonekin batera. Egoiliarren gustuko bertso zaharrak eta kantu herrikoiak ezagutzen dituzte, bertsolariak iristen direnean elkarrekin kantatzeko eta parte hartzeko aukera errazteko.
Azken bi saioak, Arrasaten eta Donostian
Aurten Gipuzkoan antolatutako lau saioetatik bi egin dituzte dagoeneko. Azaroaren 13an, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Eneritz Artetxe aritu ziren Azpeitiko San Martin egoitzan. Azaroaren 16an, berriz, Amaia Agirrek eta Anjel Mari Peñagarikanok kantatu zuten Tolosako Yurramendi egoitzan.
Beste bi hitzorduak azaroaren 25ean izango dira. Arrasateko Iturbide egoitzan, Ane Zuazubiskar eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira 11:00etan. Arratsaldean, 17:30ean, Donostiako Zorroaga egoitzan kantatuko dute Amaia Iturriotzek eta Andoni Egañak.