(Irudia: Arabako Bertsozale)

Bertsoa Bizi Gaztek BBG Plazara! eta BBG egonaldia antolatu ditu

Ekainean Abadiñon egonaldi bat burutuko da izena ematen duten gazte bertsozaleekin.

Arabako Bertsozale Elkarteak 2016an abiarazi zuen Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa Arabako Aldundiaren, tokian tokiko Udalen eta institutu, ikastetxe eta Ikastolen babesean. “Gazteen euskararen erabilerarekin kezkaturik, egoera soziolinguistikoari aurre egin eta gure ondarean alea jartzeko xedez sortu zen. Honetarako euskara sorkuntza ardatz nagusia izanik eta bertsoa enbor nagusi”, azaldu dute elkarteko kideek.

Arabako institutuetan ikastordutan, lau ordutako murgiltze saioak burutzen dira 14-18 urte arteko ikasleekin. 2021-2022 ikasturtean institutu hauetako 1500 ikaslek parte hartu du murgiltze saioetan:

Gasteiz: Ekialdea, Mendebaldea, Herrandarrak, Ikasbidea, Armentia, Zabalgana, Marianistas, Lakua eta Olabide.

Aiaraldea: Laudioko Ikastola, Laudio institutoa, Amurrioko Aresketa Ikastola, Amaurre eta Zaraobe.

Gorbeialdea: Murgia BHI.

Errioxa: San Bizente Ikastola.

Lautada: Lautada Ikastola eta Aniturri institutua.

Mendialea: Mendialdea IPI zentroa (Ikasturte osoan zehar).

Azken urtean, bideoklipen aroa albo batera utzi eta BBG Plazara! ekimena jarri da martxan. Ikastetxeetan Bertso Eskoletan aritzen diren gazteak plazaratuko dira erreferentziazko bertsolariekin batera, gazteak bertso mundura gerturatu eta bertsoez gozarazteko. Apirilean zehar hiru bertso saio egingo dira, Laudion, Gasteizen eta Agurainen.

Laudioko kasinoan Danel Herrarte gazte aramaioarrak arituko da kantuan Peru Abarrategi, Onintza Enbeita eta Julio Sotorekin batera. Armentia ikastolan bertako ikasle diren Maddi Agirre eta Hegoi Amabizka arituko dira Beñat Gaztelumendi, Aner Peritz eta Haizea Aranarekin. Amaitzeko, Aguraingo saioan Eukene De los Aires gazte gasteiztarra ariko da Oihane Perea, Joanes Illarregi eta Saioa Alkaizarekin batera.

Egitasmoa borobiltzeko, ekainean Abadiñon egonaldi bat burutuko da izena ematen duten gazte bertsozaleekin. 45 euroren truke ekainaren 17, 18 eta 19an bertso egonaldian murgiltzeko aukera izango dute bertaratutako 17-19 urte arteko gazteek. Plazak mugatuak izango dira eta maiatzaren 5era arte egongo da aukera izena emateko: https://labur.eus/BBG-egoladia.

Zabaldu: