(argazkia: Bertsozale.eus)

“Bertsoa etengabe egokitzen eta berritzen ari da hezkuntza arautuan”

53 irakasle eta 29.500 ikasle ari dira egunero hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen; beste zenbait eremutan bezala, hemen ere bertsoa egokitzen ari da egunerokora eta honek aldaketak ekarri ditu.

Bertsozale Elkartearen arabera, indar handia hartu du azken urteetan hezkuntza arautuan abiatutako proiektuak. “Une honetan, 229 herritan eskaintzen da bertsolaritza, 511 ikastetxetan, eta 29.500 ikaslerengana iristen gara, 53 irakasleri esker”.

Azken urte hauetan, haurrei bertsolaritza nola irakasten zaien aztertzen ari da Bertsozale Elkarteko Mikel Artola, eta, egindakotik abiatuta, metodologia berria probatu eta proposatu du. “Oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza: plazakotik gertuago dago, eta jolasetik ere asko du. Eskatzen diegun horretan dago koska”, dio Artolak. “Bertsoa osorik egiteko eskatzen badiegu, zaila izango da bat-batean egitea. Baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak; baita kopla bat egiteko ere, biren artean”, azaldu du. “Horrela, bertsolariek egiten duten bezala egiten dute: belarriz, eta ez silabak kontatuta”, adierazi du.

Bertsozalen dauden irakasleen artean “aldaketa handia” izaten ari da batzuentzat, eta “ez horrenbeste” beste batzuentzat. “Eginez ikastea da orain kontua, eta ez horrenbeste bertsoaren gramatika ikasi eta gero praktikan jartzea”, kontatu du Artolak. Hori bai, gelako jarduna “dezente” aldatzen dela dio.

Aldaketa horretan bete-betean sartuta dago Nerea Urra irakaslea: “Gelako dinamika biziagoa eta parte hartzaileagoa da”, azaldu du. “Ikasle bakoitzari bere gaitasunak garatzeko aukera gehiago eskaintzen dizkio funtzionamendu honek”, gaineratu du. Bat-baterako jauzia “naturalki” egiten dutela dio, saioei eta dinamikei esker. Ikasleen motibazioaz galdetuta, hauek “motibazio handiagoz” sumatzen dituela dio, “jolasa bihurtzen baita bertsoarekin esperimentatzea”.

Ikasgela barruan bakarrik ez, kantuan ere jarri ditu Urrak bere ikasleak topaketa batean. “Ikastetxeko aretoan egin dugu, eta ikasle gehienek hartu dute parte bat-bateko zatian”, azaldu du. “Askok errepikatu nahi izan dute ariketa”. Pertsonalki, aurreneko esperientzia izan du Urrak hau, eta “oso positiboa” izan dela dio. “Ikasleak eroso, motibatuta eta lasai ikusi ditut”.

Bere aldetik, Asier Alcedo irakasleak dionez, “bitxia” dela umea kantuan ari denean ingurukoen erreakzioa ikustea. “Lehenengo tokatzen zaionak ariketa ondo burutzen badu, gela osoan eragiten du; batzuetan, txalotu ere egiten dute ezinezko zerbait egin duelakoan. Gero haien txanda datorrela jakitun, urduri sumatzen ditut, baina behin abestuta, harrotasun puntu batekin ere egoten dira”, gaineratu du.

Honek guztiak irakasleen formakuntza eskatzen du, eta horretan ere ari dira Bertsozale elkartean. “Lehendabizi gogoeta orokor eta sakona egin genuen bertsolaritzaren ikasketa prozesuaz, eta orain gelan grabatutako bideoak aztertzen ari gara; irakasle-ikertzaile figura da interesatzen zaiguna”, azaldu du Artolak.

Zabaldu: