Mikel Laboaren ‘Lekeitioak’ abiapuntu hartuta, bi eguneko ‘Hizketaldi Handia’ egingo dute Tabakaleran

Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa proiektuaren atarikoa da ostiralean eta larunbatean Donostiako Tabakaleran egingo duten Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio? izeneko saioa.

Egitasmoak Mikel Laboaren Lekeitioak izeneko obra esperimentalak ditu abiapuntu, eta, bereziki, Lekeitioetan gauzatzen den materia desberdin eta jatorri anitzekoen arteko lotura du aztergai: musika eta herri kultura, abangoardia literario eta artistikoetatik eratorritako piezak eta ahozkotasuna, hizkuntza(k) eta hizkeren arteko gurutzatzeak eta borrokak, edo muntaiaren eta itzulpenaren erabilpena.

Hizketaldi honen garapenerako Tabakalerak Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkizia gonbidatu ditu, eta esparru eta esperientzia diferenteetatik datozen pertsonen ahotsaren eta irakurketaren bidez, gai horietara hurbilpen bat egitea da asmoa. “Parte hartu nahi duen ororentzat irekia dagoen proposamena da, eta eztabaidarako espazio bezala ulertzen da”, azaldu dute antolatzaileek.

Hizketaldi Handiaren egitaraua martxoaren 5ean, ostiralean, abiatuko da Bordak, Lujanbiok eta Erkiziak egingo duten sarrerarekin. Ondoren, martxoaren 6an, larunbatean, bakoitzak mahai-inguru baten ardura hartuko du goizez eta arratsaldez luzatuko den programaren barruan.

Sarrera doan izango da Tabakalerako Patioan, baina aldez aurretik eskuratu beharko da sarrerak.tabakalera.eus webgunean. Jardunaldi osoa streaming bidez jarraitu ahal izango da online.tabakalera.eus atarian.

Zabaldu: