Martxoaren 26ra arte luzatuko da aurtengo txapelketa.
Gaur emango diote hasiera Bertsolari Gazteen XXVIII. BBK Sariketari Bakaraldon egingo den lehenengo kanporaketarekin. Finala berriz, hilaren 26an izango da Bilbon.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan: A mailan 18 urtera arteko hiru bertsolari eta B mailan berriz, 19 urtetik 25 urtera arteko hiru bertsolari.
Aurreko urteetan egin duten moduan, aurtengo edizioan ere, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dutela parte azaldu du Bertsozale elkarteak. Guztira 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan.
Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.
Egitasmo honen ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. “Taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera”, azaldu du Bertsozalek. “Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera”.
Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta nahi duena hurreratu daiteke. Antolatzaileek bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute. Finala BBK aretoan izango da martxoaren 26an, 18:00etan.