(argazkia: Bertsozale)

Bertsularien Lagunak Elkarteak gazteei zuzendutako ‘Bertsuxurla’ ekimena abiatuko du urtarrilean

Bertsolari gazteentzako plaza berria izatea du helburu ekimenak eta 16 eta 22 urte arteko Euskal Herri osoko bertsolari gazteek hartu ahal izango dute parte. Denetara, hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Urtarrilaren 6an abiatuko da Atharratzeko Prefostan eta 27an amaituko da, Pausun, Xaia ostatuan.

Bertsularien Lagunak Elkarteak Bertsuxurla ekimena jarri du abian, bertsolari gazteen binakako gazte sariketa. Euskal Herri osoko 18 bertsolari gazte bilduko ditu eta binaka jarriko ditu kantuan.

Ekimenak hiru xede nagusi ditu: Ipar Euskal Herrian bertsozaletasuna sustatzea, euskarari beste arnas gune bat ematea eta Euskal Herriko bertsolari gazteei beste plaza bat eskaintzea, Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin aukera gutxiago izan baitituzte kantatzeko.

Bertsuxurlak hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Urtarrilaren 6an Atharratzeko Prefostan hasiko da ekimena eta bertan ariko dira kantuan Haira Aizpurua, Eki Mateorena, Josu Txoperena, Irantzu Idoate, Ekhiñe Zapiain eta Oihan Perez. Hilaren 13an Lekorneko Etxebarne ostatuan eginen da bigarren saioa. Bertan, Irati Alcantarilla, Beñat Astiz, Oier Urreizti, June Aiestaran, Maite Sarasola eta Jon Mendiluzek kantatuko dute. Urtarrilaren 20an izanen da Erratzu eta Baigorri arteko Izpegiko Bereko Bentan. Bertan, Maddi Aiestaran, Unai Anda, Izaro Bilbao, Maddi Agirre, Ibai Lekuona eta June Diaz ariko dira. Finala, aldiz, Pausuko Xaia ostatuan eginen da urtarrilaren 27an, eta saio bakoitzeko bikote irabazleak kantatuko du bertan. Saio guztietan gai jartzaile lanetan Xalbat Altzugarai eta Leire Casamajou ariko dira.

 

 

 

Zabaldu: