Ekimenaren zazpigarren edizioak euskal zinema izango du protagonista. Egitasmoan parte hartuko duten euskal filmek bi euroko zuzeneko deskontua eskainiko dute sarreraren prezioan. Kanpaina gaur hasiko da Irati filmaren sustapenarekin.
EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak euskal zinemari babesa ematea helburu duen Bidaiariak zinera! kanpaina abiatu du berriro. Ekimena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 79 aretotan jarriko da martxan. Horri esker, bi euroko deskontua izango dute ikusleek zinemako sarreraren prezioan, euskal estreinaldiez gozatu ahal izateko.
Elkarteak adierazi duenez, “euskal eta europar pelikulen sustapenera bideratuta dago ekimen hau, eta milaka ikusle erakarri ditu 2015ean abian jarri zenetik”. EZAEk edizio berri bat abian jartzea erabaki du, batik bat euskal ekoizpenei babesa emateko, baina Europako pelikulek ere beherapena izango dute. Hamabost egunetik behin, euskal ekoizpen bat sartuko da kanpainan, eta aukerarik egongo ez balitz, film europar bat.
Promozio honetan sartuko den lehenengo filma Irati izango da, eta datozen hilabeteetan beste euskal izenburu batzuk izango ditugu; besteak beste, Los caballos mueren al amanecer, My way out, 20.000 especies de abejas, A los libros y las mujeres canto eta Tetuán. Behin betiko egutegia aurrerago osatuko dela iragarri dute, hainbat euskal filmen estreinaldi-datak zehaztearekin batera.
“Bidaiariak zinera! kanpaina nabarmen errotu da euskal zinemazaleen artean. Euskal Herriko eta Europako kultur sorkuntza bultzatzeaz gain, ekimen honen helburua ikusleak zinema-aretoetara joatea da, horiek baitira pelikula batez gozatzeko eszenatokirik onena”. Hain zuzen, publikoa zinemetara erakartzea eta aretoek kultura sustatzeko duten ahalmena aitortzea dira EZAEren helburu nagusietako batzuk, bai eta euskal eta europar zinema bultzatzea eta arte zinematografikoak zabaltzea ere.
Parte hartu duten zinemak
EZAEko zortzi bazkidek (20 zinema eta 79 areto Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) bat egin dute kanpainarekin. Zehazki, ekimenean parte hartuko dute SADE taldeak Donostian dituen hiru zinemek: Principe, Antiguo Berri eta Trueba; Areto taldearen Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizeko Meatzari aretoa, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea eta Mungiako Olalde; Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoak; Beasaingo Usurbe Antzokia; Zarauzko Modelo Aretoa; Errenteriako Niessen zinemak; Hirutek enpresako zinema aretoak: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti, Villabonako Gurea aretoa, Oñatiko zinea eta Lazkaoko Areria zinema.
Sarrerak erosteko, hemen.