‘Bidasoko deportatuak’ erakusketa ibiltaria Beran ikusgai

Bidasoko deportatuen bizipena, eta herioa, erakusketa ibiltari batez azaldu nahi da. Azaroaren 1era arte bisitatu ahal izango da Berako Kultur Etxean.

Whasintong-eko Holocausto Memorial Museum-en Enciclopedia de Campos y Guetos proiektuaren arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak, Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 94 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 29 esparruetan erail zituzten. Bidasoko deportatuak izeneko erakusketaren bitartez, fokua Bidasoko bizilagun hauetan jarriko da, deportazioaren baitan jasandakoa azaleratzeko.

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideen ustez, “deportazioa, Hendaian, eta orokorki, Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan, landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da. Honenbestez, deportazioa eskualde mailatik azaldu nahi dugu. Zubi lanak eginez, bailarak duen lotura deportazioaren barnetik xehatuz”.

Bidasoko deportatuak proiektuarekin, bertako deportatuen bizipena, eta herioa, erakusketa ibiltari batez azaldu nahi da. Hala, abiapuntua, Europako totalitarismoak izango dira. Horretarako Nazismoa-Faxismoa-Frankismoa zer izan diren azalduko da. Ondotik, nazien kontzentrazio akabatze esparruak zer ziren eta oro har deportazioak zer suposatu zuen erakutsiko da. Behin testuingurua eraikita, proiektua eskualdeko deportatuetan sakonduko da.

Erakusketa azaroaren 1era arte bisitatu ahal izango da Berako Kultur Etxean.

Zabaldu: