Hemezortzi emanaldik osatuko dute Gasteizko Astearte Musikalak

Inaugurazio kontzertua azaroaren 3an izango da, Roberto Casadoren eta Iruñeko Sinfoniettaren eskutik.   

Astearte Musikalek hogeita hamaikagarren edizioa inauguratuko dute datorren astean. Ganbera-musikaren lurraldeko zikloa COVID-19ak ezarritako murrizketa eta osasun-neurrietara egokitu da, eta hemezortzi emanaldi interesgarri programatu ditu denboraldi honetarako: bi bakarlari, lau bikote, hiru hirukote, laukote bat, hiru boskote, seikote bat, bi orkestra-talde eta bi ikasle-talde. Jasotako 380 eskaintzen artean aukeratu dira interpreteak. Ohi bezala, gaztetasuna eta beteranotasuna uztartuko dira, baita Errenazimentutik aro garaikideraino, barrokoa, klasizismoa eta erromantizismoa barne hartzen dituzten hirurogeita hamar konpositore baino gehiagoren lanen interpretazioa ere.

Hala, Roberto Casado flauta jotzailea eta Iruñeko Sinfonietta izango dira Vital Fundazioa Kulturuneako agertokira igotzen lehenak azaroaren 3an, 20:00etan. Abonu eta sarreren salmenta urriaren 29an hasiko da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “joan den martxoan, Astearte Musikalen programazioa zakar eten zen pandemiaren ondorioz, eta denboraldia ez zen aurreikusi bezala amaitu. Orduz geroztik, jarduera arrakastatsu honi berriro ekiteko lan egin dugu, urtero ganbera-musikazaleen gozamenerako txartelik ez dagoela dioen kartela zintzilikatzen baitu”.

Ezinbestean, Astearte Musikalen hogeita hamaikagarren edizio hau pandemiak eragindako aldaketek markatuta dator. Aretoaren % 50eko edukierarekin hasiko dira, egungo araudia bete dadin. Gainera, sarrerek eta abonuek aurreko edizioetan baino prezio merkeagoak izango dituzte interesa duten pertsonei etor daitezela errazteko, egungo osasun-egoerak sor ditzakeen zailtasunak gorabehera. Denboraldi osorako abonuek 60 euro balioko dute, eta kontzertu bakoitzerako sarrera solteek 5 euroko prezioa izango dute. Abonuak urriaren 29tik aurrera erosi ahal izango dira. Sarrera solteei dagokienez, hurrengo hilekoak baino ezin izango dira erosi. Hau da, hilabete bakoitzeko azken asteazkenetik aurrera erosi ahal izango dira hurrengo hileko emanaldietarako txartelak. Hartara, salmenta mailakatua egin nahi da, osasun-egoerak edukiera murriztera edo kontzertuak etetera behartuko balu ere.

www.fundacionvital.eus webgunearen bidez erostea gomendatzen da. Ezin bada, aurrez aurre erosi ahal izango dira Kordoi Etxean (Aiztogile kalea, 24), astelehenetik ostegunera, 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Ostiraletan, goizez baino ez. Baita Vital Fundazioa Kulturuneako leihatilan ere, errezitaldi egunetan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, sarrerarik balego.

Zabaldu: