(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[Bideoa] Alberto Barandiaran idazleak ‘Gurea falangista zen’ izeneko liburua aurkeztu du

Altsasuko idazleak 1936ko gerra zibilaren inguruan bere herrian gertatutako hainbat pasarte kontatzeko aitzakiarekin ikertzen hasi zen. Zeregin horretan murgilduta zegoela, beste pertsona batekin egin zuen topo ustekabean: Pablo Amillano Baztan, bere aitona falangista.

Falangista baten egunerokoa du abiapuntu Alberto Barandiaran Amillano idazleak (Altsasu, 1964) gaur, Donostian, aurkeztu duen Gurea falangista zen (Susa) izeneko liburuak. Libreta hori Luis Fernandez Arregirena zen, Errepublikaren kontra 1936an altxatu zen anaia zaharrenarena, eta, bertan, 17 urterekin, Altsasutik alde egin zuenetik Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak kontatzen ditu.

1936ko gerra zibilaren inguruan Altsasun gertatutako hainbat pasarte kontatzeko aitzakia izan zen Fernandezen egunerokoarena. “Nola da posible 17 urteko gazte batek horrelako erabaki bat hartzea azaldu nahi nuen, baina baita errepresioak eta gerra giroak nola eragin zuen herrian ikertu ere”, azaldu du idazleak.

Barandiaran ikerketa lanetan murgilduta zegoela, beste pertsona batekin egin zuen topo ustekabean: Pablo Amillano Baztan, bere aitona falangista: “familian behintzat ez genekien gerran eskuartze zuzena izan zuenik, eta hainbat epaiketa militarretan Altsasuko batzuen kontra deklaratu zuela deskubritu nuen”, kontatu du egileak. Horrek liburua bera eta iraganarekiko zuen ikuspegia birplanteatzera eraman zuen idazlea. “Batzuetan gure iragana edertu nahi izaten dugu edo ez-ikusiarena egin, eta nik uste dut hobe dela jakitea ez jakitea baino, nahiz eta egiak batzuetan min ematen duen”.

Liburu honetan “zer den iragana, zer izan zen 36ko gerra gure artean eta zer den deskubritzea zuk espero ez zenuen zerbait kontatzen dut”, eta horri buruz hausnartu ere egiten du Barandiaranek.

Zabaldu: