(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] Asel Luzarraga idazleak ‘Malthusen ezinegona’ izeneko eleberri distopikoa aurkeztu du

Idazleak adinaz, denboraren kudeaketaz, bizitzaren helburuaz, gizon eta emakumeei buruz edota gustuko artelanei buruz gogoeta egiten du lan berrian.

Hilabete batzuk dira Asel Luzarraga idazleak (Bilbo, 1971) Bahiketa eleberria kaleratu zuela eta dagoeneko bueltan da, oraingoan, Malthusen ezinegona (Elkar) izeneko nobela distopikoarekin. Genero honetako hirugarren lana du idazleak eta ezustean iritsi dela dio, “erasoan ia”.

2018an kaleratu zuen bere azken eleberri distopikoa Bioklik izenburupean. Une horretantxe genero horretako liburu gehiagorik ez idaztea erabaki zuen idazleak. Beste proiektu batzuk zituen esku artean, besteak beste, 2019an argitaratutako Inoren munduan eta Bahiketa (2020). Une horretan, “zerbait ari nintzen telebistan ikusten, ez dut gogoratzen zer, buruak hegaldi librean alde egin zidanean. Leherketa baten modukoa izan zen: Malthus etorri zitzaidan burura, ezerezetik sortutako pertsonaia, eta haren atzetik bera inguratzen zuen mundua”. Luzarraga ordenagailura jo zuen, ezinbestean, eta bere garunean isiltzen ez zen ahotsari irteten utzi ziola kontatu du. “Lehen apunteak izan ziren haiek, lehen zirriborroa, eta berehala sortu zen Judithen eta Malthusen arteko ispilu jokoa. Judithen hasierako eszena ere arrapaladan sortu zitzaidan. Idazteko estiloan pertsonaiak eskatzen zidan indarra sumatzen nuen, etorrian, erraz, berez”. Hala, hurrengo lau hilabetetan obsesionatuta idatzi zuen, “sukar batek jota bezala”, eleberria amaitu arte.

Lan berriarekin 2222. urtera egingo dugu bidaia, itxuraz etorkizun utopiko batera. Hala ere, gizarte horren arrakaletan ikusiko denez, gizarte horrek gehiago du distopikotik utopikotik baino. Mundu osoan milioi bat pertsona bizi dira, luxu eta ondasun guztiak eskura, inguruan beren zerbitzurako hainbat robot-gizaki dituztela, ez lanik, ez gaixotasunik, ez ardurarik gabe. Dena da lasaia eta gozagarria, izatez, baina badira lasai egon ezin direnak ere: horien artean dago Malthus, bizitza eroso horrekin deseroso, barruan borborka sumatzen duen botere-nahia nola ase ez dakiela. “Malthus bere garaiko rara avis bat da”, dio Luzarragak eta gizarte hori aldatzeko plan bat jarriko duela martxan gaineratu du.

Istorioa egun bakar batean gertatzen da, baina atzera saltoak eginez, azken 20 urtetako pasarteak kontatzen dira. Gertaera horiekin batera, Luzarragak hainbat gogoeta egiteko aprobetxatu du, adinaz, denboraren kudeaketaz, bizitzaren helburuaz, gizon eta emakumeei buruz, eta gustuko artelanei buruz, besteak beste.

Zabaldu: