(argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Bertso eskolen azken hamarkadetako eragina eta bilakaera aztertzen duen liburua aurkeztu dute

Lan berria Renoko Unibertsitateak argitaratu du ingelesez eta Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Jone Uria eta Julio Soto bertsolarien hitzaldietatik abiatuta egindako lana da. Xabier Irujo, Larraitz Ariznabarreta eta Iñaki Arrieta arduratu dira edizioaz.

Xabier Irujo, Larraitz Ariznabarreta eta Iñaki Arrietaren koordinaziopean, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroak Bertso Eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools izeneko liburua argitaratu dute ingelesez eta gaur aurkeztu Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.

Lan aitzindari honek bertso eskolen azken hamarkadetako ibilbidea aztertzen du, bertako protagonista batzuen bitartez. Hala, euskal kultura-ondarearen transmisioari egiten dioten ekarpenaren berri ematen du liburuak, baita lankidetzan, aniztasunean eta gizarte-konpromisoan oinarritutako komunikazio-sareari ematen dioten bultzadaren berri eman ere.

Argitalpena mugarri bat dela diote, izan ere, mota honetako lehen lana izateaz gain, bertsolariz eta irakaslez osatutako ikerketa talde handi baten ekarpen akademiko, testimonial eta historikoari esker lortu dute, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Julio Soto eta Jone Uria bertsolariena eta Xabier Irujo, Larraitz Ariznabarreta eta Iñaki Arrieta irakasleena, hain zuzen.

Lan berria sail baten parte da, “2018an Center for Basque Studies-ek eta Jon Bilbao euskal liburutegiak emakumeen eskubideen aldeko borrokari buruzko biltzarra antolatu genuen bertsolaritzaren esparruan. Biltzarra Nevadako Elko herrian egin genuen, eta ekitaldi nagusiak 900 lagun bildu ziren Euskal Herritik etorritako bertsolariak entzuteko, AEBko Martin Goikoetxea eta Jesus Goñirekin batera. Ondoren, Female Improvisational Poetry liburua argitaratu eta bertso eskolei eta bertsolaritzaren garapenean izan duten eraginari buruzko bigarren kongresu bat antolatzea erabaki genuen”, azaldu du Xabier Irujo Center for Basque Studies-eko zuzendari eta liburuaren editoreak.

Bigarren kongresu hori 2020an egitekoak ziren, baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen. Lantaldeak, hala ere, lanean jarraitu zuen eta gaur aurkeztu dute emaitza. Azaldu dutenez, bertso eskolen bilakaera soiletik haratago joan den edukia landu dute, “liburua inprentatik atera berri da, eta gaia ikuspegi akademiko eta kultural batetik jorratzen du, bertsolaritzaren fenomenoa baita ikuspegi sozialetik ere, eta ez bakarrik euskal ikuspegi nazional eta politikotik, hau da, euskararen eta gure balio kulturalen sustapenetik: nola lagundu duen emakumearen berdintasuna bultzatzen eta literaturarako sarbidea jendarteratzen…”.

Irujok bertso eskolek Euskal Herrian duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan du, “alde batetik, kulturari dagokionez: 80ko hamarkadatik gaur egunera arte bertsolaritzaren mundura iritsi den jendarte-espektroa zabaltzea lortu du, eta ez zuen dimentsioa hartu du”.

Bertsolari bakoitzak gai jakin bati buruz idatzi du

Maialen Lujanbiok, Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Jone Uriak eta Julio Sotok bertso eskolekin zerikusia duen gai jakin bati buruz idatzi dute, baita Larraitz Ariznabarreta irakasleak ere.

Zabaldu: