(argazkia: Donostia Kultura)

Ivan Mata artistaren erakusketa Donostiako Ilustratzailearen txokoan ikusgai

Donostiarrak sortutako ilustrazioak datorren irailaren 10era arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Ivan Mata (Donostia, 1971) Irungo Kunsthal Arte eta Lanbide Eskolan, eta Bartzelonako Llotjan Diseinu Eskolan ikasi zuen. 2003tik prentsan eta Gazte eta Haur literaturako ilustratzaile gisa aritzen da lanean. Egun, Sineun, Palma Mallorcan, bizi da. Aldizkari zein egunkari ugaritan kolaboratzen du karikaturak eginez eta kontakizun literarioak eta artikuluak ilustratuz. Besteak beste, hauetarako egin du lan: El Correo, El Diario Vasco, ABC, Periódico de Cataluña, La Vanguardia edo Prisa taldeko aldizkariak. Woody Allen, Pedro Almodovar, Rosendo, El Drogas, Amy Winehouse, Neruda, Stephen King edota Camilo Jose Celaren irrimarrak egin ditu.

Haur eta Gazte Literaturako hainbat libururen ilustratzailea izateaz gain (hala nola, Elkar, Anaya, Edelvives edo Disset argitaletxeetan), orain dela hamar bat urte, bere ipuinak idazteari ekin zion eta dagoeneko zortzi baino gehiago idatzi ditu. Ipuin horiek euskaraz, gaztelaniaz, katalaneraz eta italieraz, besteak beste, argitaratu dira. Horien artean, 2020an Alberdania argitaletxearekin argitaratu zuen aldaketa klimatikoari buruzko Aldaketa izeneko liburua.

Gainera, iaz Nordica Libros argitaletxeak plazaratu zuen Caricaturistas de profesión liburuan parte hartu zuen ilustratzaile donostiarrak. Liburu honek Estatu espainiarrean idatzizko komunikabideetan lan egiten duten hamaika karikaturagile onenetakoen lanak eta ibilbideak biltzen ditu. Horien artean dago Ivan Mata. Bestalde, Matak Karikaturak liburua (Ediciones Za-Pato) plazaratu zuen 2020an, bertan azken hogei urteetan egindako karikatura esanguratsuenak bildu zituen.

Karikaturagile gisa hainbat sari eskuratu ditu Matak. 2021ean, prentsako ilustrazioan garrantzitsuena den World Press Cartoon sariketako hirugarren saria irabazi zuen. 2022an, berriz, Caratingako (Brasil) Nazioarteko Umore Azokan lehen saria jaso zuen karikatura alorrean, Angela Merkelen irudiagatik.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi eta Leire Salaberria. Orain, Ivan Mataren txanda da.

Zabaldu: