[BIDEOA] Bidasoan gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna dakar Eneko Aizpurua idazleak bere azken liburuan

Tene Mujika bekari esker kaleratu du Aizpuruak Bidasoan gora liburua Elkar argitaletxearekin.

Eneko Aizpurua, Lazkaon jaio eta Iruñean bizi den idazleak Bidasoan gora izeneko liburua aurkeztu du gaur. Lan berriak Bidasoan gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna dela azaldu du egileak, “bidean galdutakoen, arrotz etorri eta arrotz joandakoen arrastoaren bila egindako ibilbide baten kontakizuna da”. Idazleak bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoako urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha.

Bidaiariaren gogotik eta begietatik igarotzen dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Pio Barojak eta Aitzolek gerra zibilaren hasieran ihesi zihoazela, Bidasoa ibaiaren ertzean topo egin zuteneko pasadizoa, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Mikel Zabalzaren eta Eduardo Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak… Horietaz gain, beste hainbat kontu ere biltzen ditu liburuak, denak Bidasoa ibaiarekin lotuak aldez edo moldez.

Argitaletxearen arabera, “begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria”.

Tene Mujika bekari esker kaleratu du Aizpuruak Bidasoan gora liburua.

Zabaldu: