(argazkia: UEU)

Pako Sudupek ‘Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioaren pentsalari’ liburua aurkeztu du

“Lopez Adanen jarduera bereziki intelektualera hurbilpen bat da liburu hau”.

Pako Sudupek Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioaren pentsalari izeneko liburua argitaratu du UEU eta EHUren eskutik. Idazleak Emilio Lopez Adanen borroka eta ideien berri emanez, euskal orainaldiari eta etorkizunari ekarpen xume bat egin nahi izan die lan berri honekin, “jakina, liburu honetan ez dago Lopez Adan osorik, inondik ere. Lopez Adanen jarduera bereziki intelektualera hurbilpen bat da liburu hau. Xumea bezain ezezaguna garaikide banaka batzuentzat izan ezik”, adierazi du www.buruxkak.eus atarian eskainitako elkarrizketan.

Memoria kolektiboaren garrantzia azpimarratu du Sudupek liburuaren sarreran, axolazkoena etorkizuna da, baina atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, eta edozein herriren kasuan iragana garrantzizkoa bada, gure kasuan, are gehiago, dudarik gabe”.

Idazleak hiru zatitan banatu du liburua. Lehen zatian, biolentzia politikoaren memorien gainekoa da. Militantziari dagokionez, erabat harturik, 1964tik 1974ra ETAn militatu zuen. Lopez Adanen jardueran alde ideologiko-intelektuala gailentzen da; “gehiago izan da teorikoa ekintzailea baino; hori esan orduko erantsi behar da, baina, alde teorikoa praktikarekin oso loturik garatu izan duela beti”.

Bigarren partean, iraultzaren eta bortxaren arteko harremanez Lopez Adanek aditzera emandakoak azaltzen dira. Honetan, “ETAren faseak ondo bereizten dira, frankismotik hasita, eta Lopez Adanen iritziak beste analista frantses eta amerikarrekin-eta erkatzen dira. Asko markatu gaituen gai bati buruz argudio ugari eskaintzen dira askatasun eta erantzukizunetik”.

Azkenik, hirugarren partean, zenbait gai jakingarri jorratzen dira: nazioa eta estatua, nazionalismoa eta humanismo unibertsala, demokrazia eta naziotasuna; Iraultza eta Hexagonoko nazio ukatuak; egungo esperantzak eta arazoak Ipar Euskal Herrian; Marx eta iraultza, Ezkerra Europan; Ezker Abertzalearen estrategiaren analisia, eta negoziazioen nondik norakoena; Intelektualaren zeregina: literatur erreferentziak eta intelektual hurbilak: F. Krutwig, M. Legasse, F. Likiniano, Txillardegi, Jon Mirande.

Zabaldu: