(argazkia: Kultur Sharea)

[BIDEOA] Edorta Jimenez: “Emakumeek ez al dute etxean aizkora bana edukitzeko eskubiderik?”

Mundakako idazleak Aizkorak eta gutunak izeneko nobela historikoa aurkeztu du, Elkar argitaletxearen eskutik.

1828ko iraila da, Bermeoko Almika auzoan. Agirretxu baserriko gizona Juan Ormaetxea desagertu egin da, eta hura hiltzearen susmagarri egin dituzte haren emazte Josepa eta alaba Maripepatxu. Ikerketak abiaturik, gorpua agertu da, aizkorakadaz hila eta baserri aurrean lurperatua, eta ama-alabak atxilotu egin dituzte, bai eta epaiketarako bidean jarri ere.

Edorta Jimenez da Aizkorak eta gutunak eleberri historiko honen idazlea eta liburuaren planteamendua oso argia dela nabarmendu nahi izan du gaur Donostian egin duen aurkezpenean: “ez al du emakumeak gizonari heriotza emateko eskubiderik? Noraino jasan behar du?”. Egungo egoerara so jarri da egilea,  “zenbat emakume hiltzen dituzte? Eta zein izango da erantzuna? Telefonora deitu?… Galdera oso sakona da: emakumeek ez daukate etxean aizkora bana edukitzeko eskubiderik?”

Krimen baten ikerketari nobela forma

Duela 200 urte gertatutako krimen baten ikerketari nobela forma eman dio Jimenezek eta eleberri historikoa, kronika judiziala eta thrillerra konbinatu ditu horretarako: ikerketaren joan-etorriak, pertsonaien gorabeherak, epaiketako xehetasunak eta erruduntzat jotakoen zigorrak: garrotez euskal lurretan exekutaturiko emakume bakarrenetakoa, besteak beste.

Idazle bizkaitarrarentzat Aizkorak eta gutunak “artefaktu literario” bat da. “Nik idatzi dut, giro batean sartu naiz, euskara molde bat erabili dut, nirea, beste inork ez du nire moduan idazten. Azken hori nabarmen azpimarratu nahi dut ze erabaki literarioak izan dira, hizkuntzaren lanketa ez dut mekanikoki egin eta hor Bermeo eta Mundakako inguruari lekua egin nahi izan diot, etnografiarik egin gabe, noski”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna