Larunbatean 6.500 euskaltzale elkartu ziren Bilbao Arenan. Kontseiluak euskaltzaleei antolatzeko eta egunerokoan ekiteko gida bat proposatu, eta datorren ekainaren 13an Iruñean elkartzeko deia egin zion euskal komunitateari.
Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hastekoa zen euskararen Pizkundea bultzatzea helburu zuen ekitaldia. Oraindik, baina, pertsona ugari zeuden pilaturik Bilbao Arenako kanpoaldean kiroldegira sartzeko zain. Azkenean, 17:20an abiatu zen Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldia eta denera 6.500 euskaltzale elkartu ziren bertan. Antolatzaileek balorazio positiboa eta baikorra egin dute: “ekitaldiaren arrakastak erakutsi zuen jende askorengan oso txertatuta dagoela euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta premia. Badagoela hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko, eta elkarguneak sortzeko beharra”.
Azken ikerketa eta datuek erakusten duten euskararen larrialdi egoerari erantzuteko ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea. Kontseiluak bide horretan lanean jarraituko du, eta larunbateko ekitaldian azpimarratu bezala, “euskaltzaleok ekiteko garaia da: toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia”. Horretarako proposamen bat aurkeztu du Kontseiluak, Euskaltzaleon gida izenekoa, www.pizkundea.eus webgunean ikus daitekeena.
Halaber, euskalgintzak aspalditik aldarrikatu duen bezala, “euskararen biziberritzeak aldaketa sakon bat behar du, hizkuntza-politiketan jauzi bat, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena. Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena”.
Zentzu horretan, Kontseiluak, askotariko egundik gora eragilerekin batera, irailean aurkeztu zuen Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamena ekarri zuen gogora, euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea helburu dituena. Gizartean duten erabakimen eta eragin gaitasunetik, Kontseiluak erakundeei eta indar politikoei proposamena aintzat hartu dezatela eskatu zien.
Era berean, ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela euskaraz aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko ezinbestekoak direla euskarazko kulturaren aldeko kulturpolitika sendoak egitea.
Ekainaren 13an Iruñean
Bien bitartean, datorren ekainaren 13an Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazioa deitu du Kontseiluak. Datozen hilabeteetan zehar ezagutzera emango dira xehetasun guztiak.
Kontseiluak eskerrak eman nahi izan dizkie Miribilla auzoko kirolgunean elkartu ziren 6.500 lagunei eta herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei. Baita babesa eman eta bertaratu ziren erakunde, alderdi, sindikatu eta eragile guztiei; ekitaldian parte hartu zuten musikari, aktore, kulturgile eta sortzaileei; eta antolaketa, produkzio, azpiegitura, logistika, segurtasun zein komunikazio lanetan aritu ziren ehunka langile eta boluntarioei ere.
Azkenik, baina ez atzenik, esker bereziak eman zizkien Kontseiluaren hezur-mamia diren bazkideei, bidelagun izan direnei, Euskaltzaleon garaia da adierazpenaren sinatzaileei, eta egunez egun euskararen alde, bakoitzak bere erara, egiten duten pertsona guzti horiei.