(argazkia: EuskarAbentura)

[BIDEOA] EuskarAbenturan parte hartzeko epea zabalik martxoaren 15era arte

16 eta 17 urteko gazteek lana eta motibazio gutuna martxoak 15 baino lehen bidali beharko dute.

Bi espedizio arrakastatsu burutu ondoren, zabalik da 2020ko EuskarAbenturan izena emateko epea. 230 gaztek hartu dute parte jada eta aurtengo uztailean beste 120 gaztek biziko dute abentura hau. Hala, Euskal Herriko eta diasporako 2003 eta 2004. urteetan jaiotako hautagaiek proiektu bat eta motibazio gutuna martxoaren 15a baino lehen bidali beharko dute.

Lanak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioaren laguntzarekin ebaluatuko direla argitu dute antolatzaileek. Kalitate oneneko lanen egileek 2020ko uztailaren 1etik 31ra egingo den espedizioan doan parte hartzeko beka lortuko dute. Antolatzaileen arabera, “bizitzan behin biziko duten esperientzia paregabea izango da”.

Aurtengo hautagaitza proiektua egiteko  aukeran dauden hiru gaiak hurrengoak dira:  Natura plastifikatua, Euskal emakume sortzaileak eta Mugak gaindituz integraziora bidean. Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu behar izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Proiektuei buruzko xehetasun guztiak EuskarAbenturaren webgunean daude eta baita izen-emateko aukera ere. Horretaz gain, espedizioan parte hartzeko hautatutako gazteen zerrenda bertan argitaratuko dute, apirilaren 15ean

Ekimenaren helburuak dira Euskal Herria ezagutu eta balore positiboak transmititzea eta eremu ez formaletan gazteengan euskara eta mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea.

Zabaldu: