dav

‘Ponpoxo’, ‘kurdu’ eta ‘gorririk’ hitzak erantsi dira Euskaltzaindiaren Hiztegian

Azken sei hilabeteotan 758 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian.

Euskaltzaindiak 758 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean argitaratu zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2019ko bigarrena da gaur sareratu dena.

Hartara, azken sei hilabeteotan 758 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (69 sarrera eta 689 azpisarrera), eta 472 osatu edo findu ditu.

Guztira, 2019an 1.155 forma berri hiztegiratu ditu Akademiak (381 sarrera eta 774 azpisarrera). Horiei gehitu behar zaizkie moldatutako beste 937. “Ia maila berean ari gara Hiztegia handitzen eta lehendik dagoena osatzen eta fintzen. Zentzu horretan esan dezakegu Euskaltzaindia orekaz ari dela jokatzen”, ohartarazi du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.

Egun, beraz, 39.247 sarrera eta 8.086 azpisarrera (hau da, 47.333 forma) eta 65.294 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Azpisarrerak

Oraingoan sarrera gutxi erantsi dira Hiztegian, batez ere Euskaltzaindiaren beste batzorde batzuekiko elkarlanetik bildutakoak: hizkuntza-izenak (krimeera, ladinera) eta herritar-izenak (kurdu, palestinar), esaterako.

Hitz adierazkorrak ere jaso nahi izan dira, eta horien artean aipa daitezke dexente, ponposo, ponpoxo eta gorririk, adibidez.

Sarrera gutxi bai, baina 689 azpisarrera “moldatu edo findu” dira 2019ko azken sei hilabeteetan. “Aurreko urteetan corpusetik jasotako forma berriak aztertu dira, baina azken urteotan Orotariko Euskal Hiztegiko (OEH) azpisarrerak berraztertu dira, horietako hainbat hiztegian jaso gabe zeudelako”, aitortu du Urkiak. Azpisarrera horiekin tradizioko forma batzuk berreskuratu dira, eta gaur erabiltzen direnek izan dute lehentasuna hiztegian sartzeko. “Bestalde, horietako batzuk adibide gisa jasota zeuden hiztegian eta, beraz, ez ziren nabarmentzen; orain, azpisarrera gisa jasota, ikusteko moduan daude”, gaineratu du euskaltzain osoak. Urkiak onartu duen moduan, “azpisarrera batzuk azalpena behar dute ondo ulertu ahal izateko, eta horregatik bistara ekarri dira, definizioarekin eta adibideekin erabileraren berri eman ahal izateko”.

Azpisarrera berrien bi adibide eman ditu Urkiak: zintzur-bustitze eta alegia deus ez. “Zintzur-bustitzea ‘bazkalaurretik edo afalaurretik edari bat (gehienetan alkoholduna) hartzea’ da, eta alegia deus ez ‘ezer gertatuko ez balitz bezala’ adierazteko erabiltzen da. Ez dira gardenak, eta horregatik behar dute aparteko lekua hiztegian, ulergarriak izateko baina modu eskuragarrian. Euskal ondarea agerian jartzeko saioa egin du Euskaltzaindiak 2019an”.

Zabaldu: