Eider Rodrigrez 'Eraikuntzarako materiala' liburuaren aurkezpenean (argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Familia harremanen zailtasunari buruzko eleberria idatzi du Eider Rodriguezek

Eraikuntzarako materiala du izenburua idazlearen aurreneko nobelak. Susa argitaletxearen eskutik argitaratu du.

Eraikuntzarako Materiala da Eider Rodriguez idazlearen (Orereta, 1977) nobela berria. Lanak familia harremanen zailtasunari buruz hitz egiten du, eta aita eta alaba ditu pertsonaia nagusi: “beraien artean sortzen den zirkuitu pribatu baten inguruan orbitatzen du liburu guztiak”, azaldu du idazleak. “40 urtez zabaldu den zirkuitu bat da. Lehen 20 urteak etxearen bueltan igarotzen dira, handik aurrerakoak toki desberdinetan, beraz, beraien arteko harremanaren kronika intimoa litzateke liburua.

“Aita eta alabaren arteko harremana erabat kutsatuta dago alkoholagatik”, kontatu du egileak, eta eleberria hondamendia atzean utzita idatzita dagoela gaineratu.

Pertsonaia nagusiekin batera, jende ugari agertzen da inguruan eta zirkuitu hori puskatzen dutela dio idazleak, kontakizuna aberastuz. “Liburu gogora eta iluna da, baina era berean argiaren bilaketa bat dago”.

Rodriguezek lau zatitan banatu du liburua: “2008ko abenduan hasi eta 2019ko azarora arte iristen den egunerokoa da aurreneko bi atalen hezurdura, alabaren ahotsetik kontatua”, azaldu du Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak. “Horrekin kontrastean, atzera egingo du narratzaileak, iragana orainaldi bihurtuko digu, gogoratzeko baino gehiago, haren begietatik ikus dezagun”.

Hirugarren atalean, berriz, aldaketa dator, lehen pertsonatik bigarrenera igaroko da narratzailea, aitari hitz egingo dio, baina ez alabaren ahotsetik, alaba hirugarren pertsona bihurtuko baita.

Azkenik, laugarren atalean, aitak amari soldaduskatik bidalitako gutunak daude oinarrian, alabaren egunerokoaren txatal berriekin eta gutunei egindako oharrekin batera. “Batez ere, gutun horien bitartez heltzen zaigu aitaren ahotsa liburuan”.

Editorearen arabera, eleberria eraikitzeko, Rodriguezek idazteko mekanismo ugari baliatu ditu, “liburuak eraiki egiten baitira etxeak bezala, eta etxeen eraikuntzak badu lekua liburuan”. Era berean, Lopezek dio ezin dela ez mundua, ez pertsona bat bere osotasunean liburu batean sartu, “idazleak aukeratu egiten du zer kendu, erantsi, laburtu, bere subjektibitatea gehitu…”.

Egilearen hitzetan, liburuak testura ugari ditu, ikuspuntu bat baino gehiago ere badituena, eta alde horretatik, mugimendu handi samarrekoa, nahiz eta kronika intimo bat izan.

Eraikuntzarako materiala eleberrian badira eguneroko zatiak, galdera sortak, zerrendak, gutunak, argazkien deskribapenak. Idazlearen ustez, liburuaren eraikuntzarako materiala oso anitza izan da, “etxe bat egiteko askotariko gauzak behar dituzulako: txikiak, handiak, denetarikoak eta liburuan ere ala ageri da”.

Zabaldu: