[BIDEOA] Gasteizko Ekialdea institutuko ikasleek ‘Arte irekiak’ diziplinarteko proiektua sortu dute

Talde bakoitzak Errekaleor auzoko mural desberdinak landu ditu eta denen artean arte gida bat osatu dute. Horretaz gain, ikasleek beraiek sortutako muralak margotu dituzte ikastetxeko hormetan.

Gasteizko Ekialdea BHI institutuko ikasle eta irakasleek EHUko WebLearner ikerketa taldearekin eta Errekaleor auzoarekin batera, Arte irekiak izeneko diziplinarteko proiektua sortu dute. Modu koordinatuan diseinatu eta garatu dute eta proiektu didaktikoa dela diote, “ikasleen ikasketa-prozesua hobetzeko asmoz”.

Proiektua irakasgai desberdinetan jorratu da (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Teknologia, Informatika eta Gizarte Zientziak). Talde bakoitzak Errekaleor auzoko mural desberdinak landu ditu, jarduera desberdinak osatuz.

Uxune Aizpurua irakasleak azaldu duenez, “egitasmoaren helburua arte gida bat sortzea izan da ikasleek egiten dituzten sorkuntza desberdinekin. Arte gida horretako artelanak Errekaleor auzoan dauden muraletako batzuk dira”. Ainara Irigoras irakasleak kontatu duenez, “nazioarteko artistek egin dituzten muralak dira hauek eta nazioarteko errekonozimendua dutenak, hemen, hirian ez dago ezer horien inguruan”.

Proiektua Errekaleor auzora egindako bisita gidatu batekin abiatu zen, ikasleek bertako horma-irudiak ikus zitzaten. Ondoren, hainbat hizlarik hitzaldiak eskaini zizkieten ikasleei, horien artean daude Kurdistaneko emakumeei buruzko talde bat edota migranteekin egoten den soziologo bat”, azaldu du Aizpuruak. Hala, ikasleek muraletan jorratzen diren gai sozialak landu ahal izan dituzte.

Baina badaude kutsu artistikoa bakarrik dituzten muralak ere. Horregatik, Gasteizko Artium museora ere jo zuten. “Artearen kontzeptua oso irekia dela ikusarazi nahi izan dugu, izan ere, artelanak ez daude bakarrik museoetan, Errekaleor bezalako auzo batean ere egon daitezke”.

Egitasmoari amaiera emateko, ikasleek beraien diseinuekin banku batzuk margotu dituzte eta beste batzuk muralak egin dituzte eskolako hormetan. Horretaz gain, Batxilegoko 1. mailako diseinu arloko ikasleei aukera eman zaie logotipoa sortzeko eta aukeratutako lana gida horretako azalean ikusi ahal izango da.

Proiektu honekin, “artearen bidez gauza asko landu daitezkela erakutsi nahi izan dute  eta artelanak gehiago balioetsi behar direla”, adierazi du Irigorasek. Metodologia aldaketa honekin, gainera, “desengantxatuta” dauden ikasle horiek ere motibatzea izan da asmoa.

Zabaldu: