[BIDEOA] Gerraosteko hamalau emakume langileren lekukotasunak bildu ditu Jon Abrilek ‘Isildutako eskuak’ liburuan

Irudipena dago XX. mendean, gerraostean, emakumeak oro etxean geratu zirela, familia zaintzen eta haurrak hazten, kanpoko lana gizonei utzita. Alabaina, legeek eta usadioek horretara bultzatu arren, izan ziren hainbat andrazko, beharrak eta ausardiak hauspotuta, giroari aurre egin eta hainbat arlotan aritu zirenak. Horien lekukotasunak bildu ditu Abrilek lan berrian.

Hamaika lanbide desberdinetan aritutako hamalau emakumeren istorioak biltzen ditu Jon Abril Olatxeak (Bera, 19759 Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian izeneko liburuan. Gaur aurkeztu du lan berria Donostian, eta azaldu duenez, “euren bizitza pusketak eta lan harremanak nolakoak izan ziren kontatzen du liburuak, uste baita emakumeak ez zutela modu masiboan parte hartu lan munduan gerraondoko Euskal Herrian, baina errealitatea bestelakoa da. Horrek borroka sindikaletan aritzera eraman zituen, mugimendu feministaren hastapenetara, Frankismoaren kontra borrokan aritzera eta euren bizitza proiektuak ere garatzeko aukera eman zien”.

Abrilen hitzetan, lana memoria ariketa bat da eta isilaraziak izan direnei ahotsa eman nahi izan die, “ikusten ez dena ez delako existitzen neurri batean”. Liburuan, beraz, neskame, irakasle, espartingile, unai, papergile, arrain nahiz berduren kontserbagile, zigarrogile zein industrian lan egindakoen ahotsak ageri dira. Guzti horien lekukotasunak biltzeko egilea Euskal Herrian barna ibili da, Donibane Lohizunetik Baionara, Mauletik Otsagabira, Lodosatik Ondarroara, Gasteiztik Atarrabiara, Trapagarandik Bergarara eta Donostiatik Pasaiara.

Isildutako eskuak Tene Mujika bekaren laguntzarekin ondu du Abrilek.

(Bideoa: Elkar)

 

Zabaldu: