(argazkia: Gasteizko Udala)

Urriaren 1etik azaroaren 27ra egingo da Gasteizko Antzerki Jaialdia

Antolakuntzaren arabera, jaialdiaren helburuak distira berreskuratzea eta publikoari ilusioa itzultzea dira.

Urriaren 1ean abiatuko da Gasteizko Antzerki Jaialdia 34 ikuskizunez osatutako egitarauarekin, horietatik hamasei euskal taldeen eskutik iritsiko dira. Azaroaren 27ra arte luzatuko da 47. edizioa eta “jaialdiaren asmoa da distira berreskuratzea eta gure publikoari ilusioa itzultzea, goi mailako arte eszenikoez gozatzeko, hizkuntza berriak ezagutzen jarraitzeko, antzokiak betetzeko, artistak eta ohiko espazioak topatzeko ilusioa”.

Marta Monfort Udal Antzoki Sareko arduradunak azaldu duenez, Antzerki Jaialdiak nazioarteko kartela berreskuratu du aurtengoan eta euskal sorkuntzaren aldeko apustuari eutsi diola. “Etxean bezala sentitzea nahi dugu”, nabarmendu du.

Prentsaurrekoan bertako konpainien ordezkariak ere izan dira euren proposamenak aurkezten. Pez Limboko Eduardo Hernandok esaterako, Itsas behera lana aurkeztu du. Jesus Ibañez de Matauco antzokian antzeztuko dute urriaren 5ean euskaraz, eta urriaren 6an gaztelaniaz.

Marie De Jongh konpainiak Ama lana taularatuko du urriaren 14an, Felix Petite antzokian, Irene Zarrabeitiak azaldu duen moduan. Eta Off Local Antzerki irekiaren zikloari dagokionez, edizio berri honetako hitzorduak aurkeztu dituzte. Bi fasetan banatuko da zikloa; urriaren 13tik 16ra, hiru proposamen programatuko dira: La vuelta a casa (Arrapala), Oracle Motel (Parasite Kolektiboa) eta Justicia (Carmen San Esteban). Azaroaren 17tik 20ra, berriz, beste hiru lan: Daysi Crazy (Pez Limbo), Tránsitos (Amaia Garrosa) eta Raska nazka (Kolectivo Monstrenko).

Bestalde, Ortzaiko Andoni Lauzirikak Perra lanaren inguruko xehetasunak eman ditu. Azaroaren 4an izango da emanaldia Principal Antzokian.

Familientzako ikuskizunen zikloak ere euskal ekoizpen bat izango du, Zurrunka antzerki-konpainiako Eñaut Gorbeak iragarri duen moduan. Azaroaren 6an gozatu ahal izango da Gure kanoa ikuskizunaz Principal Antzokian.

Gasteizko antzoki horretan bertan, Tanttaka teatroak Mireia Gabilondok zuzendutako Sex berdinak lana taularatuko du, azaroaren 19an.

Eta 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, Udal Antzoki Sareak Haurtxoak proiektua berreskuratuko du. Teatro Paraiso konpainiak Luidi estreinatuko du hirian, Rosa A. Garciak azaldu duenez.

Jaialdian zehar Gasteizen izango diren beste bi proiektu ere aipatu dituzte prentsaurrekoan: Larrua proiektuaren La casa vacía, azaroaren 15ean Principal Antzokian eta Khea Ziaterren Faces azaroaren 5ean Ibañez de Matauco antzokian.

 Sarreren eta abonamenduan salmenta

Abonamenduen salmenta datorren ostegunean, irailaren 15ean, hasiko da ohiko bideen bitartez. Irailaren 20an abonu irekiak eskuratu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, eta hilaren 22an sarreren aldez aurreko salmenta hasiko da.

Informazioa, hemen.

Zabaldu: