Orain arte idatzitako liburuekin, nerabeen artean irakurzaletasuna bultzatu nahi du Bilboko idazleak.
Gezurren habia (Elkar) dugu Jabi Elortza (Bilbo, 1973) idazleak, gaur goizean, bideokonferentzia bidez aurkeztu duen gazteentzako eleberria. Idazlea izateaz gain, Elortza irakaslea ere bada, ondo ezagutzen ditu nerabeak eta asko edaten du ikasleek kontatzen diotenetik. Horrela ondu zituen Kinito egunak (2017) eta Sara (1918) eleberriak ere. Hala, aurreko bi lanetan egindako “akatsetatik ikasi” eta Gezurren habia idaztera animatu zen.
Orain arte idatzitako liburuekin, nerabeen artean irakurzaletasuna bultzatu nahi izan du Elortzak, eta horretarako, irakurlearentzat “gustagarria” izan behar dela dio. “Baditugu edozer irakurtzen duten ikasleak, ezer irakurtzen ez dutenak eta, gero, badaude irakurtzea gustuko duten edo ez ez dakitenak ere, inoiz irakurri ez dutelako. Horiek engantxatu nahi ditut nik”, adierazi du. Horretarako, egilea idazkera erreza egiten saiatu da, deskribapenak alde batera utziz eta elkarrizketa ugari sortuz.
Istorioa Bilbon kokatu du Elortzak, larunbat gau batean. Ainhoa etxean agertzen ez dela ikusita, Ertzaintzari deitu diote gurasoek. Mikele eta Antxon agenteak ohikoa dirudien kasua ikertzen hasiko dira orduan. Alabaina, “galdeketetan sakontzen duten neurrian mataza gero eta korapilatuago ageri da; orduek aurrera egin ahala gezurra gezurraren gain pilatzen dela sentituko dute ertzainek, eta ez dagoela familia horretan kiderik esaten duena sinetsiko diotenik”.
Eleberria idazten hasi baino lehen, Elortzak bere ikasleei galdetu zien ea zer duten gustuko, “gaurko gazteak eta lehengoak ez gara hain desberdinak, telesail amaigabe horiek asko gustatzen zaizkie”. Telesail horien egitura mantenduz, idatzi nahi izan du eskuartean dugun liburua.
Idazleak bestalde, hasieratik argi izan du pertsonaiak neskak izan behar zirela, “ez dut orokortu nahi, baina nik ditudan ikasleetatik neskek gehiago irakurtzen dute mutilek baino, eta gainera izugarrizko jokoa ematen dute”. Hala, Ainhoa da liburuko protagonista, 17 urteko gaztea, berarekin batera, Ane bere lagun mina eta Saioa, bere ahizpa txikia ageri dira. Egilearentzat protagonisten adina ondo aukeratzea “oso garrantzitsua” izan da, “13 urteko protagonista bat jartzen baduzu 15ekoek ez dute liburua irakurriko”, dio.
Elortzak sare sozial eta teknologia berrien erabilera okerraren salaketa ere egin nahi izan du liburuarekin, “Ainhoa guztiz engantxatuta dago”, kontatu du, eta sare sozialek sortzen dizkion arazoak agerian utzi nahi izan ditu.
Azkenik, gazte askok etxean duten egoera ere islatu nahi izan du, “gaur egun ume askok duten egoera oso gogorra da. Errealitateak fikzioa gainditzen duela konturatzen zara. Ainhoa eta Saioa habian bizi dira eta bananduta dauden gurasoak dira etxetik mugitzen direnak. Ez dute harreman ona eta etxea guztiz abandonatuta dute”.
Elortza istorio errealak sortzen saiatu da, sinesgarritasuna ematen. “Nire asmoa da irakurtzen hasten direnetik engantxatzea eta gazteei horrelako istorioak gustatzen zaizkie”.