[Bideoa] Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek ‘Haurrak lotarazteko soinua’ sehaska kanta gaurkotu dute

Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegak abesten dute, eta pianoaz eta txistuaz gain, Ivan Casadok biolontxeloa jotzen du. “Goxo eta leun” aurkeztu nahi izan dute 1824an Juan Ignazio Iztuetak jaso zituen doinu eta hitz zaharrak.

Haurrak lotaratzeko soinua sehaska kanta gaurkotu dute Iñar Sastre piano jotzaile anoetarrak eta Jagoba Astiarazan txistulari zestoarrak. Ainara Ortega eta Eñaut Elorrietak jarri diote ahotsa kantuari eta Ivan Casadok biolontxeloarekin ere parte hartu du.  “Goxo eta leun” aurkeztu nahi izan dute 1824an Juan Ignazio Iztuetak jaso zituen doinu eta hitz zaharrak.

Abestiaren bideoklipa, berriz, hainbat herritarrek bidalitako bideoekin osatu dutela diote. Koronabirusak sortutako egoera tarteko, Arineketan diskoaren kaleratze data atzeratu egin behar izan dute musikariek, baina Musikaren Egunarekin batera lan berriaren aurrerapen kantu gisa aurkeztu dute pieza gaurkotua.

Gara egunkariak argitaratu duenez, Arineketan diskoa osatzeko dantza doinu eta erritmo tradizionalak hartu dituzte oinarri Sastre eta Astiazaranek, eta horiek eraldatu eta berritzen egin dute lan. “Iztuetak jasotako doinu eta hitzek ireki diete bidea, eta abiapuntu horretatik euren sorkuntzak osatu dituzte, euskal dantzaren munduan murgilduz. Hortik aurrerakoa? Jolasa, broma, txantxa eta dibertsioa, zehaztu dute, eta bide batez euskal folkloreko doinu zahar askori hautsa kendu eta egungo dantza taldeei material berria eskuragarri jartzen ahalegindu direla gaineratu dute”.

Zabaldu: