[BIDEOA] Iñaki Irasizabal idazleak ‘Arrakastaren aparrak’ izeneko nobela beltza aurkeztu du

Idazle bizkaitarrak harreman familiarrak eta kazetaritzaren argi ilunak landu ditu batez ere, liburu berri honetan.

Iaz, lehen ipuin bilduma Zorioneko familia izenpean ondu ondoren, nobela beltzera bueltatu da Iñaki Irasizabal idazlea. Arrakastaren aparrak jarri dio izena Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu duen lan berriari, eta eleberri “arina” idatzi duela adierazi du. Bertan, “gauza asko” gertatzen direla nabarmendu du eta “oldarkorra” ere badela dio. Nobela honetan, batez ere harreman familiarrak eta kazetaritzaren argi ilunak lantzen ditu idazleak.

“Liburu honetan, arrakastaren aparretan ibilitako negozio-gizonak, zikinkerietan lardaskan dabiltzan kazetariak edo pistola errazegi dantzatzen duten gazte txoroak topatuko ditugu”; baina, batez ere, bikote gazte “arrunt” bat da protagonista, egun batean, legez kontra, baina inori kalterik egiten ez dion zerbait egiteagatik diru asko lortzeko aukera izango duena. “Nola egin uko eskaintzari? Baina ba al dakite zein izan daitezkeen horren ondorioak, balizko konplikazioak, kontzientziako harrak?”

Iñaki Irasizabal Durangon jaio zen 1969an, baina Zornotzan bizi da gaur egun. Kazetaritza eta soziologia ikasketak hasi bazituen ere, industrian lan egin izan du. 2002an idatzi zuen bere aurreneko eleberria Borrokaren baitan izenpean. Geroztik, narrazio bat eta beste hamabi eleberri idatzi ditu; gehienak, genero beltzekoak. Pasa den urtean Zorioneko familia bere lehen ipuin bilduma plazaratu zuen.

Zabaldu: