Narrazio hauetako protagonistak galduta sentitzen dira, desoreka bat izan dezakete edota adikzioren bat. Desegokiak dira gizartearen begietan.
Iñaki Irasizabal idazleak (Durango, 1969) Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok? ipuin bilduma aurkeztu du gaur Donostian, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearekin batera. Egileak berak zehaztu duenez, hamar istorio independente biltzen dira liburuan, “ipuin bakoitzean tarte latzak eta xamurrak daude, baina uste dut istorio hurbilak direla”, adierazi du.
Hala dio liburuaren sinopsiak: “deserrotutzat jotzen ditugu bere herritik urrun, inguru sozial eta afektibo egonkor bat lortu ezin eta noraezean dabiltzan pertsonak. Liburu honetako gizon-emakumeek, aldiz, beste deserrotze mota bat bizi dute: badute familia bat, harreman sare bat, horrek ez dakarkie bakerik ordea; galduta sentitzen dira, desoreka bat izan dezakete edo adikzioren bat akaso… azken finean, desegokiak dira gizartearen begietan”.
Urteetan nobela beltza landu ostean, idazleak Zorioneko familia (Elkar) lehen narrazio bilduma argitaratu zuen 2019an eta lan horrekin abiarazi zuen ildoan sakonduz, istorio durduzagarri eta pertsonaia bizarroen sorta bat eskainiko digu liburu berri honekin. Irasizabalek azaldu duenez, liburu honetan giza harremanak lantzen dira batez ere, “beti ahalegintzen naiz gizaki sinesgarriak eta interesgarriak sortzen”.
Mendigurenek, bere aldetik, uste du istorio errealistak direla liburuan jasotakoak, “gaur egun eta hemen gertatzen direnak, ez da epika handirik agertzen, nahiz eta politika ere agertzen den. Pertsonen arteko hartu-emanak dira eta horien bitartez gizartea oso ondo erretratatzen du, gure kaleak, tabernak, tanatorioak, baserriak, dendak, jatetxeak… bizitza nabaritzen da taupaka Iñakiren ipuinetan”.