Loraldia Elkarteak eta Korrika Kulturalak Ruper Ordorikaren ‘Hautsi da anphora’ lehen diskoa berreskuratu eta bira antolatu dute

Bira honetan Euskal Herriko sei herritatik igaroko da. Ruper Ordorikarekin batera, Mugalaris banda eta Bernardo Atxaga izango dira taula gainean.

Hautsi da anphora kontzertua Loraldia Kultur Elkarteak eta Korrika Kulturalak elkarlanean egindako emanaldia izango da. Honetarako, 1980an Ruper Ordorikak sortutako Hautsi da anphora diskoa berreskuratu eta Euskal Herriko zenbait tokitan bira antolatu dute. Antolatzaileen arabera, kantari oñatiarraren lana mugarri izan zen euskal kulturaren testuinguruan.

Loraldia Kultur Elkartearentzat oraindik indarrean jarraitzen du lan hark ekarri zuen berritzeko eta apurtzeko espirituak, eta, hain zuzen ere, arrazoi horrek bultzatu zituen sustatzaileak Ordorikarengana jotzeko eta proposamena egiteko. Pandemiak, baina, bidean harrapatu zituzten eta orain arte ezin izan da produkzioa eta bira antolatu. “42 urte geroago, Hautsi da anphora itzuli da, espiritu berarekin eta begirada egungo testuinguruan jarrita”.

1980an argitaratutako diskoa osatu zuten hamar kantuak eztanda handia izan ziren garaiko testuinguru kulturalean. Antolatzaileen arabera, “gaur egun oraindik ekarpen handia egin behar duten abestiak”. Ikuskizun berri honetan, Ruper Ordorika eta Bernardo Atxagarekin batera, Mugalaris banda igoko da oholtzara, Bixente Martinez (gitarran eta mandolina), Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina), Fernando Lutxo Neira (baxua eta kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria) jotzailea.

Birari dagokionez, Hautsi da anphora Korrika Kulturalaren parte da eta horri esker Euskal Herriko sei lekutan eskainiko da:

-Senpereko Larreko Antzokian, martxoaren 6an, 17:00etan.

-Iruñeko Gayarre Antzokian, martxoaren 10ean, 19:30ean.

-Bilboko Euskalduna Jauregian, martxoaren 11n, 20:00etan.

-Eibarko Coliseo Antzokian, martxoaren 20an, 19:00etan.

-Gasteizko Principal Antzokian, martxoaren 25ean, 19:30ean.

-Oreretako Lekuona udal kultura fabrikan, martxoaren 27an, 19:30ean.

Zabaldu: