(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] Kalakanek kantu tradizionalak soinu elektronikoekin uztartu ditu ‘Artizar’ disko berrian

Pello Reparaz, Hugo Imakhoukhene eta Andrew Keelan musikarien laguntzarekin, besteak beste, sortu dute lan berria. Diskoaren aurkezpen kontzertua igandean izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, arratsaldeko 19:00etan.

Baionako Kalakan folk taldeak Artizar izeneko disko berria aurkeztu du gaur, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Bertan, azaldu dutenez, azken hamar urteetan hainbat lurralde, artista eta kolaborazio ikusi izan dituzte, baina beti ardatz bera mantendu izan dute: Euskal kantua eta honi dioten errespetua.

Artizar disko berriarekin, berriz, urrats berri bat eman nahi izan du Lapurdiko hirukoak eta kantu tradizionalak gaur egungo soinuekin uztartu dituzte, betiere taldearen betiko esentziari eutsita. Horretarako “esperientzia eta kalitatea zaintzen dituzten artistekin” lan egin dutela nabarmendu du Baga Biga diskoetxeak, Pello Reparaz, Hugo Imakhoukhene eta Andrew Keelan bezalako musikariekin, besteak beste.

Diskoetxeak adierazi duenez, “kantu hutsa beti hor izanik ere, unibertso zabalago bat eskaintzen dio elektronikoki programatutako musikak taldearen estiloari. Danborrak eta ahotsak, teklak eta efektu kosmikoak… Jamixel, Xan eta Bixentek hainbat sorpresa emango dizkigute lan berri honetan”.

Diskoaren aurkezpen kontzertua igandean izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, arratsaldeko 19:00etan.

Xoriñoa kaiolan izeneko aurrerapen kantua entzuteko, hemen: http://www.baga-biga.eus/mailing/mailing_kalakan/

Zabaldu: