San Telmo Museoak esperientzia digital berria eskainiko du ‘Urgullen magalean’ erakusketarako

Hedapena handitu eta publiko berriengana iristeko helburuarekin, Donostiako museoak Urgullen magalean erakusketan 360º gigapixel bisita birtuala prestatu du.

Donostiako San Telmok bere eduki digitalak indartzeko egindako apustua da, batez ere pandemia garaian, eta bisitariei aretoetara joaten direnen antzeko esperientzia eskaini nahi die online. Second Canvas teknologia aurretik ere ezarria zegon Donostiako museoan, erakusketa iraunkorreko lanen aukeraketa batekin, eta, kasu honetan, grabatuen erakusketa sarera eramateko eta pertsona gehiagorentzat eskuragarri jartzeko balioko du.

Azaldu dutenez, “bisita birtual honetan, 360º digitalizazioari esker aretoetan zehar ibiltzeaz gain, askotariko multimedia edukiez goza daiteke, hala nola bideoak edo Second Canvas formatuko lanak (super-zoom, multimedia-narratibak, etab., xehetasunez aztertzeko)”. Museoaren webgunetik nahiz Second Canvas-San Telmo Museoaren app-tik sar daiteke proposamenera, eta bisita librea eta gidatutako ibilbidea eskaintzen ditu. Euskaraz zein gaztelaniaz egin daiteke.

“Lehenengo aukera bisita librea da, bakoitzak bere kabuz egin dezakeena, areto batetik bestera igaroz. Espazio bakoitzean, posible da gela horretan aurkezten diren grabatuetara hurbiltzea eta haietatik aldentzea, edo, bestela, hautatutako lanen batean klik egitea xehetasun handiagoz ikusteko, bereizmen oso altu baten bidez eta azalpenekin lagunduta, obra jakin horri buruzko informazioa zabaltzeko, bai testu-formatuan, bai audio-formatuan”, azaldu dure.

Bigarren aukera bisita gidatua da. “Bisita mota hau aukeratuta, hasieran klik egingo dugu, eta tarte batetik hurrengora igaroko gara, gidatutako ibilbidea jarraituz. Bertan, gidatzen gaituen pertsonaren ahotsak erakusketa aurkeztuko digu, eta 360º irudia, berriz, aretoetan eta obretan zehar aurrera eginez mugituko da”.

Bi kasuetan, bisita amaitzeko, lau artista gaztek egindako lanak aurkezten diren espaziorako prestatutako bideo bat eta grabaturako erabilitako zenbait material daude.

Bisita gidatu honi esker, erakusketa online zabalik egon daiteke nahi den denbora guztian, eta, gainera, munduko edozein tokitatik eskura daiteke, urruneko publikoetara iristeko aukerarekin. Gainera, plataformak aukera ematen du museoaren ohiko jarduerak online egiteko, hala nola taldeen bisita gidatuak edo eskola-bisitak.

Zabaldu: