[Bideoa] Kultur Pilulak Berako sortzaileen eskutik

Petti arduratuko da ekimenari hasiera emateaz. Musikari beratarrak bihar, maiatzak 8, eskainiko du zuzenekoa, arratsaldeko 18:00etan. Emankizuna ikusi ahal izateko, Youtubeko Kultur Pilulak kanalera harpidetu beharko da.

Osasun alerta honek kultur programazio guztia bertan behera utzi duela adierazi du Berako Udalak. “Kultur etxeko emankizunak, ostatuetako saioak, herrian egitekoak ziren topaketak, ospakizun edota egun bereziak,… Dena bertan behera utzi edo gibeleratua behar izan da”. Guzti horri irtenbide bat emateko asmoz, Kultur Pilulak izeneko programa jarri du martxan Udalak.

Hala, egitasmo honi esker, Berako sortzaileen eskutik, kultur programazio zabala zein anitzaz gozatzeko aukera egongo da bihartik aurrera.

Astean behin, ortziral arratsaldetan izango dira emankizunak. “Pilula horiek, ohikoak bezalaxe, dosi ttikikoak izanen dira eta espero dugu itxialdi honek sortu dezakeen estres punttu hori sendatzen lagundu ahal izatea”, adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek.

Kontzertuak ikusi ahal izateko, Youtubeko Kultur Pilulak kanalera harpidetu beharko da. Aurreneko emanaldia bihar, maiatzak 8, 18:00etan, izango da, Petti musikariaren eskutik.

Berako Kultur Pilulak egitasmoa bezala, badira Euskal Herrian kulturgintzak bizi duen egoera honi aurre egiteko sortu diren beste hainbat ekimen. Oreretan esaterako, Kultur Labea egitasmoa abiatu dute, egoera honek irauten duen bitartean, bertako sortzaileak ezagutzera emateko leiho bat da honakoa, herriko sorkuntzak etenik izan ez dezan pentsatutako gunea.

Zabaldu: