2021eko azaroaren 2an hasi eta hilabete batez, Hendaiako Nekatoenea baserrian egongo da ziurgabetasuna, sorpresa eta asmaezinaren inguruan, literatura genero anitz nahasten dituen lan hibrido bat lantzen.
Hamaikagarren aldiz, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sostengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean.
Hala, erakunde bakoitzeko ordezkari batez osatuta egon den epaimahaiak egonaldia eta horrekin doan diru-laguntza Maialen Akizu Bidegain sortzaileari ematea erabaki du aho batez. Sortzez Urretxuarra, 25 urteko idazle, bertsolari eta ikerlari hau doktoretza egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Feminista Ikerketa taldean. Bere ikergaiak kulturgintzari eta generoari buruzkoak dira.
Nahia Zubeldia aurreko irabazleak iaz egin bezala, Akizu hilabete batez egongo da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2021eko azaroaren 2tik 27ra bitartean. Ziurgabetasuna, sorpresa eta asmaezinaren inguruan, literatura genero anitz nahasten dituen lan hibrido bat lantzeko asmoa du.
Iaztik Getariako Elkano Fundazioak proiektuarekin bat egiten ari da, hiru urterentzat. Horrela, egonaldi honek, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua berriz ere nabarmentzeko aukera eskainiko du, munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara.