(argazkia: Josu Martinez)

[BIDEOA] Manuel Intxaustiren 189 film amateur berreskuratu dituzte Uztaritzen

1920ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara, Eusko Ikaskuntza, Eskualtzaleen Biltzarra, kabalkadak, Telesforo Monzon, Fernando Aire Xalbador, dantzak, antzerkiak, toberak, maskaradak… jasotzen ditu bildumak.

“Zinemarik gabeko herri bat, argazki-albumik gabeko familia baten gisakoa dela diote. Euskaldunek ez dugu zinema-industria handirik ukan, baina aberatsak gara film amateurretan”, diote Gure irudi galduak proiektuko kideek. Josu Martinez zinemagilea da EHUko Nor ikerketa taldeak abian jarritako egitasmo honen arduraduna eta Ipar Euskal Herriko film amateurren “berreskuratzeko” eta “salbatzeko” xedea du. Hala, proiektua martxan jarri zutenetik berreskuratutako aurreneko funtsa aurkeztu dute: Manuel Intxaustik (Manila, 1900-Uztaritze, 1960) eta bere sendiak filmatutako 189 film bobina, guztira 35 orduko grabaketa. Familiak Uztaritzeko Intxausti-Baitha etxean gordetzen zituen pieza guzti hauek. “1920ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara doan irudi bilduma loriagarria salbatu da horrela, XX. mendeko Euskal Herriaren memento eta pertsonaia nagusi ainitz erretratatzen dituena”. Askotariko eszenak biltzen dituzte film hauek, eguneroko kontuetatik ekitaldi jendetsuenetara: Dantzak, ospakizunak, Eskualtzaleen Biltzarra… Horietaz gain, garai hartako jende ezaguna ere ageri da: Telesforo Monzon, Xalbador, Jose Antonio Agirre eta abar. Tartean, Euskal Herritik kanpoko lekuetako filmazioak ere badira, denak zuri-beltzean eta soinurik gabe. Martinezen arabera, Euskal Herriko historiaren zati bat dago Intxaustiren grabazioetan, baina munduko historiaren zati bat ere bada.

Euskadiko Filmategiak material guztia digitalizatu du, eta hainbat talde aritu dira inguruan: Gastibeltza Filmak, Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldea, Kanaldude eta Eusko Jaurlaritza.

Intxaustiren bildumaren digitalizazioaren berri emateaz gain, Gure irudi galduak proiektuko kideek dei egin dute etxeetan film zaharrak gordetzen dituzten pertsonek proiektu horren berri eman dezaten, gero digitalizatu ahal izateko, “XX. mendeko Euskal Herriaren ikus-entzunezko memoria baitira, filmek ontsa kontserbatuak izatea merezi dute”.

Zabaldu: