‘Las Sinsombrero: Genero-, Sorkuntza-, Gerra- eta Erbeste-Sistema’ izeneko emanaldia, Bilbon

Josebe Martinezek koordinatutako Emakumeak eta erbesteratzeak seriearen bigarren irakurketa saioa martxoaren 25ean egingo dute Bilboko Bulegoa z/b zentroan.

Irakurketa saioa Gerra Zibilaren amaieran erbesteratutako emakume artista eta intelektualen dinamika politikoaren erakusgarri da eta Josebe Martinezek zuzendutako Emakume erbesteratuei, gerra zibilari eta memoriari buruzko ikerketen egitasmoa biltzen du. Historian isildutako zati hori berreskuratzea da proiektu honen asmoa, eta 1936ko Gerra Zibileko eta erbesteko emakume protagonistek kontatutako esperientziari ahotsa ematea. Emakume erbesteratuei buruzko lehen azterketa sistematikoa da proiektua, Estatu espainiarreko historiaren eta literaturaren ikerketaren barruan, Genero-erbestealdia kategorian. Saioak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, emakume horien pentsamendua eta lana interpretatzea, bai eta haien esanahi politikoa eta intelektuala ere. Bestetik, errepresio-prozesuetan kode politikoak eta sexualak nola egituratzen diren erakustea, eta erbesteko ahotsetan sexualitatea eta erresistentzia nola uztartzen diren azaltzea.

Martinezek koordinatutako Emakumeak eta erbesteratzeak seriearen bigarren irakurketa saioa izango da martxoaren 25ekoa. Hiru saio ditu serie honek: lehenengoa, literatura dekolonialari buruzkoa, pasa den otsailaren 26an egin zuten. Hilaren 25ekoa Gerra Zibilean erbesteratutako emakume artistei eta intelektualei buruzkoa, eta, hirugarrena, apirilaren 22an eskainiko dutena, kultura-industriaren parte modura, biktimak gaur egun duen irudiari buruzkoa.

Josebe Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da eta Literatura Hispanikoan doktorea Kaliforniako Unibertsitatean. Irakasle aritu da Kaliforniako Estatuko Unibertsitatean, Mexikoko Ikastetxean eta Miamiko Unibertsitatean. Gaur egun, Generoa-Erbestealdia ikerketa-proiektua eta Azterketa transatlantiko postkolonialak seriea zuzentzen ditu, Anthropos argitaletxean. Argitalpen ugari plazaratu ditu, denak Espainiako estatuko eta Hispanoamerikako politika hegemonikoen eta literaturaren arteko egungo harremanari buruzkoak. Las intelectuales. De la II República al exilio, narratiba mexikar eta txikanoari eta zinema esperimentalari buruz egin dituen ikerketak, eta, fikziozko lan gisa, Ciudad final nabarmentzen dira, besteak beste.

Saioak 2-3 ordu iraungo du; koordinatzaileak sarrera egin ondoren, eztabaida hasiko da, planteatutako irakurketaren inguruan. Bertan parte hartu eta hautatutako bibliografia jasotzeko, idatzi helbide honetara: bulegoa@bulegoa.org

Zabaldu: