(argazkia: Kultur Sharea)

[BIDEOA] Miren Agur Meabe idazlearen ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poema liburua kalean da

“Nola gorde errautsa kolkoan? galdetzen du ni poetikoak liburua irekitzen duen hitzaurre moduko poema luzean, eta erantzunak aurkitzen saiatzen da, liburua osatzen duten sei atalekin lotutako erantzunak. Liburua bada, beraz, izenburuko galderari ikuspuntu desberdinetatik heltzeko saiakera bat”.

Azken urteetan osatzen joan den triptikoaren hirugarren atala da Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) idazleak aurkeztu duen Nola gorde errautsa kolkoan (Susa) poema liburua. “Nire aurreko bi liburuekin batera triptikoa osatzen du”, kontatu du, izan ere, orain dela zazpi urte Kristalezko begi bat nobelan, idazkuntza baratzea lantzearekin konparatzen zuen Meabek, baina baratzea lantzeak sasiak erretzea ere badakar eta horren isla izan zen Hezurren erretura eleberria. “Sua egin eta gero errautsak gelditzen dira, eta zertarako erabili horiek? maila errealean lurra ongarritzeko, maila metaforikoan, berriz, norberaren sormena elikatzeko”, azaldu du egileak. Beraz, “liburu hau aldi bateko hirugarrena da, eta 15 eta 16. mendeko Flandesko pinturan, bezala, atal bakoitza independentea izan arren, hiruren artean batasun bat osatzen dute”.

Hala, lan berrian azken hamarkadan idatzitako poemetako asko bildu ditu idazleak, eta bertan, eskola egunetako oroitzapenak ageri dira, baita palmondoa ere, iratzartze sexuala, kristalezko begia, ama, zahartzarorako bidea, maite laguna, katua, abandonua eta abar. Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak azaldu duenez, ibilbide moduko bat dakar liburuak “memoriatik genealogia femeninoetara, handik bidaiaren alegoriara, indarkeriak, zapalkuntzak eta horien gaineko ardura pertsonala gero, abandonua, dolua, eta heriotza ondoren, amaitzeko, literaturaren gaineko poesia”, azaldu du editoreak.

“Nola gorde errautsa kolkoan? galdetzen du ni poetikoak liburua irekitzen duen hitzaurre moduko poema luzean, eta erantzunak aurkitzen saiatzen da, liburua osatzen duten sei atalekin lotutako erantzunak. Liburua bada, beraz, izenburuko galderari ikuspuntu desberdinetatik heltzeko saiakera bat”.

Gaur egungo liburu bat izan arren, beste sasoi batzuekin lotutako lana ere badela dio Lopezek, “idazleak gaur egungo, nahiz aspaldiko erreferentziak erabiltzen ditu kontatu nahi duena kontatzeko”: Bibliako Debora, Dorothy Parker edota Drakula dira horietako batzuk.

Poemek esateko gogo bat dutela ere aipatu du editoreak, “ahalik eta gehienari heltzeko gogo eskuragaitz bat, formari ihes egiten diola dirudiena eta poeta erromantikoekin edo sinbolistekin gertatzen den bezala, hori guztia ondo zehaztutako forma batean eman nahia”. Literaturan, baina are gehiago poesian, esan nahi dena esateko ez da nahikoa edukiarekin, eduki horrek forma jakin bat behar du testua osatzeko, ez dago formarik gabeko edukirik”, forma horren bilaketan ibili da idazlea hemen ere.

Meabek batez ere prosan idatzitako poemak bildu ditu liburuan, baita poema errimatuak ere, zenbait forma poetikoren berreskurapena, koplak edo haikuak esaterako, gutunak, antzezlan bat eta abar.

Zabaldu: