(argazkia: Baga Biga diskoetxea)

[Bideoa] Runba doinuekin bihotzak alaituz

Kilimak taldeak ‘Euskal Herriko runba’ izeneko lehen diskoa kaleratu du.

Duela hiru urte hasi zen Kilimak taldea osatzen duten sei musikari hauen ibilbide musikala, Hernanin. Azaldu dutenez, runbara “kasualitatez” iritsi ziren. Agur Garmendia abeslari eta gitarra jotzaileak runba abesti bat jotzeko aukera izan zuen jai giroan zegoela, eta aitortu duenez, “kilimak” sentitu zituen sabelean, “pinpilinpauxen zirrara”. Handik eta gutxira sortu zen Kilimak taldea, “runba doinuekin bihotzak eta buruak alaitzeko eta gorputzak dantzan jartzeko helburuarekin”.

Iaz Gaztea irratiaren Entzulearen Saria jaso zuen taldeak. Ia 100 kontzertu eman dituzte jada, ez da kopuru makala jakinda pandemiaren ondorioz bi urtez jo gabe egon direla.

Taldea boskote gisa aritu da Euskal Herriko runba izeneko lehen lana grabatzen hasi zen arte. Gaur, Donostian aurkeztu duten lan honen grabaketan Ihintza Zozaya musikaria batu zitzaien eta, hala, boskote izatetik seikote izatera igaro dira.

Diskoa sei abestiz osatuta dago, bost euskaraz eta beste bat gaztelaniaz. “Izenburua tautologikoa da hein handi batean, izenburuak bistan uzten duelako zer erritmo jorratzen diren diskoan”, azaldu dute. Runba, swing-a, jaia, alaitasuna eta poza dira lan berriaren osagai nagusiak.

Baga Biga diskoetxearekin kaleratu dute diskoa eta bertako kideek azaldu dutenez, “kontzertuetan hankak eta besoak runba estiloan astintzeko parada zoragarria eskaintzen digute, baita abesteko ere. Entzulea erakarri egiten dute erritmo xume eta dantzagarriekin”.

Diskoetxearen arabera, “euskal runbaren ziklo berri baten hasierako urratsak egin ditu Kilimak taldeak 2018tik hona”. Seikotearen lehen diskoak “protagonismo musikala izateko osagai ugari ditu, jendeak alaitasuna nahi duelako, Euskal Herriak alaitasuna aldarrikatu nahi duelako. Kilimak-en runbak entzun eta ikusi ondoren festa dator, seguru. Taldearen runba melodiek lelo errazak dituzte, entzundakoa istantean errepikatzeko modukoak. Kilimak taldea gai izan da sei abestirekin diskoari indar paregabe hori emateko”

Diskoa Hernaniko Oh Brother! estudioetan grabatu dute 2021eko udan. Iñigo Egiak egin ditu grabaketa, ekoizpena, nahasketa, eta masterizazioa. Diseinuak, berriz, Ximon Agirrek eta Arantxa Vidalek egin dituzte. Iñaki Iradik Soledad abestiaren hitzak idatzi ditu.

 

Zabaldu: