(argazkia: Tabakalera)

Maialen Lujanbioren ‘Bizitza happening’ soinu-instalazioa paratu dute, Tabakaleran

2022ko otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai Donostiako zentroan.

Donostiako Tabakalerak Maialen Lujanbio bertsolariaren (Hernani, 1976) Bizitza happening izeneko soinu-instalazioa aurkeztu du. Scala proiektuaren hirugarren sorkuntza da honakoa eta eraikinaren eskailera nagusirako propio sortutako lana da. Egileak eskailera atzealdean bertan bere begiz ikusitako pasarte batetik eta hark sortutako talkatik abiatzen da instalazioa.

Kultura Garaikidearen Zentroaren barruan ikusten den bizitza zati bat da lana,” gogoetagai orokorragoen txinparta pizten duen abiapuntua baino ez: errealitate, irudikapen artistiko eta begiradaren artekoa piezaren ardatzean dago. Hurbiltasunaz eta urruntasunaz hitz egiten du, haien arteko eraginaz edo eraginik ezaz, eskaileraren ondoan jarritako bozgorailuetatik entzuten diren pentsamenduen bidez”, azaldu dute.

Hitzez eta soinuz osatutako instalazio honetan, geruza desberdinek bat egiten dute. Izan ere, soinuekin batera, eskaileraren goialdean irakurri daitezkeen hainbat testu zatik osatzen dute instalazioa. Idatzi horiek soinu-lanaren partitura gisa ulertzen dira, eta Scalako gainontzeko proposamen guztietan bezala, espazioan fisikoki aurkezten dira.

Xabier Erkizia soinu-ekoizle eta artista izan du lagun Lujanbiok Bizitza happening sortzeko. Erkiziak lanaren alderdi teknikoan hartu du parte, piezaren grabazioan eta edizioan, hain zuzen ere.

Pieza hau 2022ko otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian.

Zabaldu: