[BIDEOA] Xabi Solanok Trikitixa Liburuaren 3. alea plazaratu du

Ikasi eta aldi berean dibertitzeko aukera ematen duen liburu didaktikoa ondu du Hernaniko trikitilariak. Liburuaz gain, zortzi abestiz osatutako CDa ere badakar proiektuak Solano anai-arrebak: Zaharrak berri izenpean.

Xabi Solano (Hernani, 1978) musikariaren Trikitixa liburua III izeneko lan berria ekoiztu eta argitaratzeko asmoz bildu dira oraingoan ere 5GORA eta Elkar zigiluak. Donostian aurkeztu dute hirugarren alea eta aurreko bietan bezala, proiektu ludiko-didaktiko honek ikastea, entretenitzea eta horretaz gain, zaletasuna zabaltzea du helburu.

Orotara 21 partitura biltzen ditu Solanoren lan berriak: zortzi doinu herrikoi eta Solanok berak sortutako hamahiru piezen partiturak, bai solfeorako, eta bai sistema zifraturako. Horretaz gain, argazki bilduma eder bat ere badakar lan berriak.

Hirugarren ale honi dagokion cd-audioak, berriz, Solano anai-arrebak: Zaharrak berri du izenburua eta aipatutako zortzi doinu herrikoi biltzen ditu. Zortzi horietatik lau berez herrikoiak dira, bi trikitixaz eta panderoz jota eta beste bi kantatuta. Gainerako piezetatik, bi instrumentalak dira eta beste biek, berriz, Jon Garmendia Txuria-k idatzitako hitzak jasotzen dituzte.

Solanok berak aurkezpenean kontatu duenez, Alemanian edota Madrilen jende askok erosi du liburua eta trikitixa jotzen ikasten hasi da.

Lan berri honekin liburu didaktikoen trilogiari amaiera eman nahi dio Solanok. Sei urte eman ditu liburu hauek ontzen eta lan handia izan dela nabarmendu du.

Zabaldu: