Bigara elkarteak euskarazko animalien izenetan palindromo meategi aberatsa topatu du, eta izen horiek abiapuntu hartuta hitz eta letrekin esperimentatzen aritu da. Proposamenak sortzeko gonbita egiten du orain.
Bihartik aurrera Abere ba erakusketa bisitatu ahal izango da Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, martxoaren 13ra arte.
Abere ba Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak osatzen duten Bigara bikote sortzailearen proiektua da, eta bere jatorria izen bereko liburuan dago: Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia (Pamiela, 2020).
Donostia Kulturak ekoitzitako erakusketa honen ardatza euskarazko palindromoak dira. Bigara elkarteak euskarazko animalien izenetan palindromo meategi aberatsa topatu du, eta izen horiek abiapuntu hartuta hitz eta letrekin mugagabe esperimentatu. Proposamenak sortzeko gonbita egiten du.
Aldi berean, hizkuntzaren hautazkotasuna hausnartzeko eta esanahiaren gailentzea aztertzeko aukera paregabea eskaintzen du ere Abere ba proiektuak. Bestiario klasikoen antzera, testu, hitz eta hizkien bilgunea da erakusketa: etxekotua izan nahi ez duen piztia multzoa.
Erakusketak, inpresio mota ezberdinak erabiliz, letrekin egindako 101 ilustrazio, bakoitza dagokion palindromoarekin, eta 40tik gora testu aurkezten ditu, koadro moduan antolatuta. Zenbait egurrezko pieza tartekatzen dira ere koadroen artean, eta bi testu grafiko eta bideo ezberdinek borobiltzen dute lana.
Erakusketa, beraz, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean bisitatu ahal izango da astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era eta larunbatetan: 10:00etatik 14:00etara 16:30etik 20:00etara.