(argazkia: Susa)

May Ayim eta Raymond Carver poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Garazi Ugaldek eta Harkaitz Canok itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 36. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: May Ayim alemanaren gainekoa eta Raymond Carver estatubatuarrarena. Autore bi hauekin 36. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatu zen bilduma. Beñat Sarasolak zuzentzen du proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Garazi Ugaldek ekarri ditu euskarara May Ayim-en (1960-1996) olerkiak. Susaren arabera, “Perspektibarekin begiratuta, zauria zauritzeko dohaina izan zen Ayim-en poesiaren bertute handienetakoa, hots, Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egitekoa”. Ariketa hori arrazakeriaren eta, oro har, ezein zapalkuntzaren eitea eguneratuz egin zuen. Halaxe azpimarratu zuen XX. mende akaberan arrazakeriak, sexismoak, lodifobiak eta abarrek ere erraietaraino sartuta jarraitzen zutela Alemanian, nahiz eta Holokaustoaren garaikoa bezain agerikoa ez izan. Ayim-en poesiaren ezaugarrietako bat horixe baita, “zapalkuntza ezkutu horiek soslai intersekzionaletik begiratu eta azalaraztea”. Poeta alemanaren lengoaia poetikoa zuzen eta erritmikoa dela dio argitaletxeak. “Poesia diskurtsibo itxura izanagatik, ez da lehen begiratuan dirudien bezalakoa, eta hitz justuen erabilera da bere bertuterik apartenetako bat”.

Harkaitz Cano arduratu da Raymond Carver (1938-1988)  autorearen testuak euskaratzeaz. “Carver XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna”, adierazi du Susak. “Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen”. Carverrek bere (balizko) ni errealetik hur idazten zituen poemak, eta erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua. Poema narratiboak dira Carverren gehienak; istoriotxo laburrak kontatzen dizkigute eta inoiz alegia kutsua ere hartzen.

Zabaldu: