'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala

Bihar abiatuko da 15. Zinemaldia.cat jaialdia

Zauria(k), Lur eta Amets, Urpean Lurra, Soinujolearen Semea, Hiru Uhinak, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa eta Agur Etxebeste! filmak jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira.

Zinemaldia.Cat euskal zinema jaialdiak, Bartzelonarekin urtero duen zitari leial eutsiz, 15. edizioa izango du aurten. Otsailaren 21ean emango dio hasiera aurtengo egitarauak, 11 film luze (horietatik 7 sail ofizialean) eta hainbat film ertainekin. Egoitza gisa, hiru lokalizazio izango ditu jaialdiak: Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Girona zinemak.

Otsailaren 21ean Cinemes Girona aretoetan emango dio hasiera zinemaldiak. Bertan, Zauria(k) izeneko dokumentala eskainiko dute. Zauriak, eromena eta gaixotasun mentalak ikuspegi feminista batetik lantzen dituen proiektua da honakoa. Hilaren 22an Euskal Etxera lekualdatuko da egitaraua, eta film ertainen txanda izango da: Anti, Erroitz, Sans Nom sarea eta Erraiak filmak emango dituzte eta, ostera, Napardeath komedia beltza.

Otsailaren 23an hainbat filmek partekatuko dute egitaraua Girona zinemetan: goizean, Lur eta Amets animaziozko filma; eta arratsaldean, batetik, Maddi Barberren Urpean Lurra dokumentala eta, bestetik, Fernando Bernuesen Soinujolearen Semea, biak zuzendarien presentziaz lagunduta. Halaber, hilaren 26an, Hizkuntza Eskola Ofizialean Fermin Etxegoienen Euskaltzaindia: egunak eta lanak dokumentala ikusi eta euskararen batasun prozesuari buruz hitz egingo dute.

Punka izango da protagonista Euskal Etxean otsailaren 27ko egitarauan. Hasteko, zineforuma egingo dute, Punk is Dead izenburupean, eta ostera Generación anti todo eta Los demenciales chicos acelerados. Euskadi y tal dokumentalak ikusiko dituzte. Bertan Iñigo Cobo eta Kikol Grau zuzendariak ere egongo dira.

Hilaren 28an, Hiru Uhinak dokumentala eskainiko dute Girona zinema aretoetan, Loïc Legrand zuzendariaren bisitarekin. 29a azken-aurreko eguna izango da, eta orduan ere dokumental bat izango da ikusgai: Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, zuzendariak berak aurkeztuta. Agur Etxebeste! izango da Zinemaldia.cat jaialdiaren aurtengo edizioa itxiko duen filma, martxoaren 1ean Cinemes Girona aretoetan.

Zauria(k), Lur eta Amets, Urpean Lurra, Soinujolearen Semea, Hiru Uhinak, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa eta Agur Etxebeste! filmak jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira.

Egitarau osatua eta xehetasunak hemen.

Zabaldu: