Bihar abiatuko da ‘Erro(re)tik’ mintegiaren bigarren edizioa Donostiako Tabakaleran

Zaurgarrituak eta prekarizatuak diren talde, erakunde zein norbanakoekin egon, partekatu eta aliantzak esploratzeko topagunea izango da. Hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak… biltzen ditu egitarauak.

Maiatzaren 12tik 14ra bitartean, Donostiako Tabakalera zentroak Erro(re)tik mintegiaren bigarren edizioa hartuko du. Mintegi honek gogoeta eta elkarrizketarako plaza izan nahi du eta zaurgarrituak eta prekarizatuak diren talde, erakunde zein norbanakoekin egon, partekatu eta aliantzak esploratzea du xede, disidentzia eta zaintza aldarrikatuz, berdinzaleagoak diren harremanak sortzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, “akatsetik ikaspen kritikoa ateratzeko aukera bezala planteatzen da eta guztiontzat izango den kultur erakunde anitz, ireki eta malguago bat eraikitzeko daukagun ardura, behar eta gogotik pentsatua dago”.

Aurten intersekzionalitatean jarriko da azpimarra, hau da, “desberdintasun edota diskriminazio ardatz ezberdinen arteko loturan, elkarren artean bereiziak ez daudenak. Aipatutako elkartze, aliantza eta gurutzatze horiek eman daitezen, nahikoa zabalak diren espazioak sortzeko beharrean. Baita bestelakotasuna errore edota desbideratzetik ulertzearen pertzepzioa aldatzearen arduran, eta hegemonikoa dena zalantzan jartzearen urgentzian”.

Horretarako, hiru egunetan zehar hainbat hitzaldi, lantegi eta mahai-inguru izango dira Tabakaleran.

Erro(re)tik mintegia duela bi urte izen berarekin jaio zen proiektuaren zutabeetako bat da, Tabakalerako lantaldearen barne-formakuntzak eta UNIK Sorkuntza-lantalde irekiarekin batera.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: