(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Herritarra, parekidea eta parte hartzailea den egitarau bat prestatu dute 40. Ibilaldirako

Erro, harri, har lelopean, 2022ko maiatzaren 29an ospatuko da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, Bilbon. Pandemia osteko lehen jai handia izango dela nabarmendu dute.

Bizkaiko ikastolen aldeko jaiak 40 urte beteko ditu aurten eta dagoeneko prest da maiatzaren 29rako antolatu duten egitaraua. Guztira 4,2 kilometro eta lau gune izango ditu Ibilaldiak. Seigarrenez egingo da Bilbon, eta hirugarrenez antolatuko du Abusu ikastolak. Antolatzaileek adierazi dutenez, “herritarra, parekidea eta parte hartzailea” den egitarau bat landu dute. Itziarren Semeak, Afrika Bibang, STR eta Kai Nakai izango dira eguneko kontzertuetako batzuk, eta Aiko, Bolintxu dantza taldea eta Disko Txantxa dantzaren arloko ikuskizun eta tailerrak. Umeentzat ipuin kontalaria, magoa eta zirku tailerra ere egongo dira, besteak beste, eta arratsaldean, Go!azen.

Abusuko ikastola 1977an sortu zen, eta bi aldiz antolatu du Ibilaldia orain arte. Gaur egun, 700 ikasletik gora dauzka ikastolak, eta 500 familiak eta 60 langilek osatzen dute kooperatiba elkartea. Hainbat gauza adierazi nahi izan dituzte leloarekin. Erro “sustraiak zaintzen” ari direlako, harri “harria bezain gogor jardungo dutelako” euskararen eta ikastolen alde, eta har, “harrera herria” izan nahi dutelako, “herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik”.

Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak sortu du aurtengo Ibilaldiaren abestia, eta bideoklipean “euskal hezkuntzako eredu kooperatiboa” goraipatu nahi izan dutela adierazi dute, ikasleei eta gurasoei protagonismoa emanez. Revolta Permanenteko eta STRko Iker Villak, La Basuk eta Afrika Bibangek hartu dute parte kantan.

Zabaldu: