BenetanBe konpainiaren 'Porno vs. Afrodita' ikuskizuna

Bihar abiatuko da euskarazko arte eszenikoen Zurrunbilo jaialdia, Gasteizen

Jaialdiak arte eszenikoen baitan dauden arlo ezberdinez arduratzea du helburu.

Gasteizko Zurrunbilo jaialdiak seigarren edizioa izango du aurten eta, urtero bezala, euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta lekua eskaintzea izango ditu xede. Jaialdi honen helburua bikoitza dela diote Baratza aretoko kideek: “euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzea, eta euren sorkuntzak ohiko ikusleei eta, inoiz parte hartu ez duten arren, horretarako jakin-mina duten pertsonei hurbiltzea”, adierazi dute. Horretarako, aurtengo ediziorako prestatu duten egitaraua bost proposamen eszenikok eta hausnarketarako topaketa batek osatzen dute.

Zurrunbilo jaialdia bihar, maiatzak 14, abiatuko da, Gasteizko Baratza Aretoan Patricia Urrutia aktoreak sustatutako BenetanBe konpainiaren Porno vs. Afrodita ikuskizunarekin. “Gaztetxoentzako eta jada ez hain gazteentzako ikuskizunak heziketa sexual eta afektiboa izango du ardatz. Zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa da”.

Larunbatean, berriz, Jone Bengoaren txanda izango da. Aktore gasteiztarrak Kabia aurkeztuko du, hiriko hainbat artista eta eragileren laguntzarekin sortutako antzerki dokumentala. Duela urte batzuk, Gasteizera lekualdatu eta bertan errotu ziren hainbat emakumeren istorioa kontatzen du lanak. Ondoren, Jon Ander Urrestik Tribiz, baserri galdue antzerki dokumentala eskainiko du galdera baten inguruan: “Zer egin daiteke erabilera galtzen ari den ondarearekin?”. Urrestiren lehen bakarkako lana da, eta iazko azaroan erakutsi zuen jendaurrean lehen aldiz.

Aurtengo jaialdiarekin amaitzeko, igandean bi proposamen izango dira: Unisonoa, Ixiar Rozas eta Ibon RG-ren eskutik egindako irakurketa esperimentala. Rozasek iaz argitaratutako izen bereko lerro bakarreko poema liburua du abiapuntu proposamenak. Jarraian, Muskulo taldearen kontzertua izango da. Oiartzungo taldeak Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzezlanerako sortutako Domino kantuarekin abiatu zuen bere ibilbidea, 2014an.

Proposamen eszenikoez gain, Baratza aretoa, EHAZE elkartea eta Atx Teatroa egun osoko topaketa irekia antolatzen ari dira, maiatzaren 15ean, Zurrunbilo jaialdiaren barruan. Azaldu dutenez, “bidenteak, belaunaldi berriak, etorkizuna eta beste distopia eszeniko batzuk izango ditugu mintzagai”. Izan ere, aurtengo gaia Etorkizuna belaunaldi berrien begiradatik izango da. “Aurreko urteko ildoari jarraituz, eta EHAZErekin Bidenteak gara liburuaren harira egindako kolaborazioa sendotzeko asmoz, aurten etorkizunari begira jarriko gara, horretarako orainaldian begia jarriz”, azaldu dute Baratza aretoko kideek.

Topaketa goizeko 10:30ean hasiko da Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Maite Aizpuruak gidatutako Ezohiko mahaingurua-rekin, Oihaneder Euskararen Etxean. Arratsaldean 16:00etan, berriz, Atx Teatroaren txanda izango da. Antzerki konpainiak Arte Eszenikoak eta digitalizazioa gaiari buruzko saioa gidatuko du.

Sarrerak salgai

Zurrunbilo jaialdirako ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Baratza aretoaren webgunean. Topaketarako sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatuta egongo denez, aurretik izena eman beharko da gonbidapena jasotzeko, info@ehaze.eus helbidearen bidez edo hemen.

Zabaldu: