(argazkia: Zumalakarregi museoa)

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Donostiako estanpen erakusketa paratu du

Maiatzaren 14tik urriaren 31ra bitartean grabatuaren bilakaera islatuko duen erakusketa egongo da ikusgai, XIX. mendeko estanpa originalen bitartez. Tailer, hitzaldi eta ekitaldiak bilduko dituen programazio zabala izango da erakusketa dagoen bitartean.

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Urgullen magalean aldi baterako erakusketa aurkeztu du, gaur. “Donostia irudikatzen duten XIX. mendeko grabatu onenak ekarri dituzte Goierrira”, azaldu dute. San Telmo Museoa eta Gipuzkoako Aldundiko bildumetakoak dira pieza hauek. “Hiriburuaren garapena eta garaiko irudien difusioa aztertzeko aukera paregabea eskaintzen digute Ormaiztegin. Aldi berean, gai hauei buruzko hausnarketa egitera animatzen gaituzte, gaur egungo ikuspegitik”, adierazi dute.

Publiko ezberdinei zuzendutako jarduera programazio zabal batez osatuko da erakusketa. Besteak beste, haur eta helduentzako tailerrak, hitzaldiak eta bisitak izango dira museoan datozen hilabeteetan. Museoen Nazioarteko Egunean, maiatzaren 18an hain zuzen, doako bisita gidatuak eskainiko dituzte. Maiatzaren 22an, estanpazio familia tailerra antolatu dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Goierri mende bat lehenago. Posta-txarletako irudietan aldi baterako erakusketa osagarria ikusgai egongo da Ormaiztegiko Gizarte etxean ekainaren 30era arte. Urgullen magalean aktualitatea atalean aurkezten den grabatuen bilakaeran, agertzen dira postalak. Hala, Lemniskata zientzia elkarteak eginiko erakusketa hau osagarria izango da Zumalakarregi Museoaren bisitarekin.

XIX. mendeko grabatu originalez osatzen den erakusketak orainera begirada bat ere izango du, horretarako deialdi artistikoa zabaldu zuen Museoak, Arteriak elkartearekin elkarlanean. Deialdiaren irabazle Eli Ruperez artistak eginiko pieza ekainean inauguratuko da, honen bitartez egungo ilustrazio digitalari erreferentzia eginez.

“XIX. mendeko gerra garaian militarrak ziren hein handi batean, irudiak egiten zituztenak, hala, hauen begiradatik eginiko grabatuek ilustratzen zuten garaiko historia. Egungo gerra kazetariengana gerturatuz, aski ezaguna den Ramon Lobo idazle eta kazetariarekin hitzaldia antolatu da irailerako”.

Jarduera guztiak COVID19-aren aurkako neurriak errespetatuz antolatuko dira. Edukiera mugatuta egongo denez, sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatzen da (943 88 99 00 eta mzumalakarregi@gipuzkoa.eus).

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: