Bihar abiatuko da Huhezinema jaialdia Aretxabaletan

Argazkia: Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen dokumental proiektatuko dute

Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiaren 12. edizioari esker, zinemaz eta ekitaldi anitzez osatutako lau egun izango dira bihartik hasita ostiralera bitartean. Jaialdia Aretxabaletako Arkupe aretoan eta Aretxabaletako Huheziko fakultatean egingo da. Aurten 44 film labur eta, luze bat izango dira.

Lehenengo aldiz gainera,  jaialdia lau egunetan zehar ospatuko da. Antolatzaileen arabera, egutegi aldaketa horrek badauka arrazoi nagusi bat, izan ere, aurten, sail berri bat gehituko zaio egitarauari. Martxan! deituriko atal berria, unibertsitateko ikasleei zuzenduta dagoena.

Ikasleen eta sektoreko profesionalen arteko harremanak indartzeko, tutoretza formatuko bilera pertsonalizatuak eskainiko dira proiekturen bat martxan daukaten ikasleentzat. Bertan, haien proiektuen inguruko zalantzak zein galderak partekatu ahal izango dituzte, profesionalen aholkularitza jasoz. Tutoretzen ondoren, profesionalek masterclass-ak eskainiko dituzte unibertsitateko ikasleentzat.

Bi egunez egingo da eta egun bakoitza zinemaren arlo ezberdin bati zuzenduta egongo da. Lehenengo egunean, ekoizpena eta gidoigintza landuko dira eta bigarrenean aldiz, banaketa.

Aurtengo egitaraua borobiltzeko, ekitaldi ikusgarri bat antolatu dute: Bacon FX. Pertsonaiak gorpuzteko behar-beharrezkoak diren elementuak izango dira aurtengo kaleko ekitaldiaren ardatza: protesiak, makillajea, arropak… Efektu berezietan aritzen diren adituak etorriko dira Huhezinemako bigarren egunean, eta protesiak nola egiten diren eta pertsonaiak fisikoki nola sortzen diren erakutsiko dizkiete bertaratutakoei.

12. edizio honetan; eta urtero bezala, talde antolatzaile berria izango da. Oraingo honetan, 16 ikasle ibiliko dira jaialdiaren antolakuntzan Iban Del Campo irakaslearen gidaritzapean. Aurtengo edizioan ikasle hauek arituko dira lanean: Leire Zarate, Irati Vergara, Haizea Azpilikueta, Eneko Zuberogoitia, Ane Zuazubiskar, Julen Yusta, Irati Gonzalez, Pablo Oteiza, Asier Ugarte, Andoni Marquinez, Gari Suarez, Unai Portilla, Malen Iruretagoiena, Egoitz D. Ibargoitia, Irati Briñas eta Itsaso Garmendia.

Urtero bezala, zinemako profesionalek osatuko dute jaialdiko epaimahaia; aurtengoan Iratxe Fresneda, Natxo Rodriguez eta Izaskun Arandia izango ditugu gurean. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 5ean egingo dute, Aretxabaletako Arkupe aretoan.

Zabaldu: