Fernando Bernuések zuzendutako Soinujolearen semea

Hiru euskal ekoizpen Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldian

Argazkia: Soinujolearen semea filma

Fernando Bernuések zuzendutako Soinujolearen semea (2018) izango da datorren apirilaren 5ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldiari hasiera emango dion filma. Apirilaren 12an berriz, François Ozonek zuzendutako Gracias a Dios (Grâce à Dieu, 2019) izango da zinemaldiari amaiera emango dion filma, Annemarie Jacir zinegile palestinarrak Zinemaldiaren sari berezia jasoko duen egunean bertan.

Donostiako Zinemaldi honek hamazazpigarren edizioa du aurtengoa eta bertan 68 film proiektatuko dituzte, horietatik 34 film luzeak izango dira eta beste 34 film laburrak. Horretaz gain, bost erakusketa ere antolatu dituzte.

Aurten, bigarren urtez, Errealitate Birtual eta Giza Eskubideen inguruko erakustaldia izango da, bertan, hiru egunez hamabi pieza ikusi ahal izango dira. Horretaz gain, Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzertua ere iragarri dute, Singing Through the Wall / Harresitik abesten. Egitarauak bestalde, mahai-inguruak eta tailerrak ere jasotzen ditu.

Zinemaldiak Donostiako auzoetan ere presentzia izango duela diote antolatzaileek, kultur etxeetan ematen diren doako proiekzioak dira horren adibide. Tabakaleran aurten lau emanaldi eskainiko dituzte.

Zinemaldiak giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko gogoeta, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea du helburu, antolatzaileen arabera, eta justiziarekin eta gizarte-berdintasunarekin konprometitutako herritar aktiboak sustatzen lagundu nahi du.

Zabaldu: