Bihar abiatuko da Poltsiko Antzerkia jaialdia, Donostian

Formatu txiki eta ertaineko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatzen dute otsailaren 16ra arte luzatuko den jaialdia.

Ohiko jarraitzaileei eta baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari askotariko antzerkia zabaltzea da Poltsiko Antzerkiaren helburu nagusia. Horretaz gain, antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea da jaialdiaren bereizgarria. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira, tabernak esaterako, eta, gainera, oso obra mota berezia ahalbidetzen dute: antzerkia, umorea, bakarrizketak, musika… Horiek izango dira, hain zuzen, jaialdi honen osagai nagusiak, eta gaurkotasuneko gaiak jarriko dira oholtza gainean, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko.

Programazioak bai garatzen deneko espazioengatik, bai jaialdian bildutako proposamenengatik, formatu txiki eta ertaineko obrak antzezteko eta ideia berriekin esperimentatzeko bidea ematen duela azaldu dute antolatzaileek.

Egitarauari dagokionez,  bi estreinaldi izango dira, Ttak teatroa eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz. Era berean, The Chanclettes taldearearen Diskomobila eta Tartean teatroaren Ez Dok Hiru Akustikoa nabarmendu nahi izan dituzte.

Guztira 16 izango dira parte hartuko duten konpainiak, hiriko 26 espaziotan banatuta: horietatik zortzi emakumezkoek osatutakoak izango dira eta zazpi euskaraz. Denetara 34 emanaldi eskainiko dira

Azken urteotan bezala, edizioari amaiera emango dion festa-ekitaldia ere izango da aurten, eta honako hauek parte hartuko dute: Paula Valluercak, Nerea Arriolak, eta The Chanclettes   konpainiak.

Edizio honetan euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren 10. deialdian irabazle eta finalista izan diren taldeek parte hartuko dute. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan.

Antolatzaileen arabera, aurkeztutako proiektuek maila altua erakutsi dute eta aukeraketa ez da erraza izan. Parte-hartzaileen batez besteko adina gaztea izan da.

Guztira, hamar proposamen jaso dituzte deialdian. Ttak teatroa eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana izan da irabazlea eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz, berriz, finalista.

Ekimen honen xedea, poltsiko antzerkiaren eta, oro har, formatu txikikoaren esparruan euskaraz dagoen eskaintza urria bultzatzea da.

Egitaraua hemen.

Zabaldu: