'Bortziriak solasean' liburuaren eta DVDaren aurkezpena izango urriaren 24an

Bihar abiatuko dira Arantzako Kultur Egunak

Ekitaldi nagusia Ekaitza elkarteak antolatutako 24. Baserritarren Eguna izango da, azaroaren 1ean. 10:00etatik aurrera, baserriko produktuak eta nekazaritza tresna eskuratzeko aukera egongo da herriko frontoian.

Euskara Batzordeak antolatutako Arantzako Kultur Egunak bihar, urriak 24, abiatuko dira Bortziriak solasean liburuaren eta DVDaren aurkezpenarekin, arratsaldeko 19:00etan, liburutegian. Lan honen oinarrian 2000-2001 urteetan zehar egindako ondare immaterialaren bilketa dago; lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Anitz dira bilketa hartan jorratutako gaiak: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak, euskara…

Liburuak, esan bezala, DVDa ere badakar. Biak garai hartako hainbat argazkiekin osatuta daude. Horrez gain, eskualdeko hitzak biltzen dituen hiztegitxo bat ere badu.

Urriaren 25ean, ostirala, Bidazi Bidasoaldeko Kontsumo Elkartearen eskutik, Aralar: mundua leku den lurra dokumentala proiektatuko da arratsaldeko 19:00etan, liburutegian. Nafarroako eta Gipuzkoako mugan dagoen Aralarko ondare natural eta kulturalaren erakustoki izateaz gain, gogoetarako gonbitea egiten du dokumental honek.

Hilaren 26an, Larunbata, haurren txanda izango da Ixabel ipuin kontalariaren emanaldiarekin arratsaldeko 17:00etan, eskolan. 19:30ean, berriz, Bankako Menditarrak taldeak kantaldia eskainiko du.

Hurrengo egunean, hilak 27,  Tartean Teatroaren Tabernaria, instrukzioak botatzeko ondo bat kaña bakarrizketa ikusteko aukera egongo da Mikel Martinez aktorearekin, 19:00etan, Zahar-Txokon.

Ostiral goizez, 24. Baserritarren Eguna egingo da Ekaitza elkartea antolatuta. Herritarrek euren produktuak, nekazaritza tresnak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratuko dituzte frontoian. Beste aldi batez, gazta eta ahari lehiaketak ere egingo dituzte.

Aurtengo Kultur Egunekin amaitzeko, larunbatean, azaroak 2, arratsaldeko 16:00etan haurrentzako magia ikuskizuna eskainiko da eskolan Niala magoaren eskutik, eta ondoren, mus txapelketa eta partxisa izango dira Ekaitza Elkartean.

Zabaldu: